“Soinuari dagokionez, osotasuna lortzea da abesbatzen helburua”

Anboto 2009ko aza. 13a, 10:38

Bere herriko Jasokunde Abesbatzan bederatzi urte zituela hasi zen Maider Olalde mallabiarra kantuan. Parisen ingenieritza ikasketak egiten dihardu, eta unibertsitateko abesbatzan kantatzen du orain. Europako unibertsitateetako kantari gazteek osatutako abesbatza batean kantatzeko aukeratu dute, Valentziako topaketa batean. Handik bueltan eta Parisera bidean egin dugu Olalderekin hitzordua.

Zelakoa izan da Valentziako esperientzia?
Lehenengo edizioa izan da aurten. Parte-hartzaile gehienak europarrak izan gara; oso esperientzia polita izan da. Zortzi minutuko grabazioa aurkeztu genuen, eta Valentziara joateko hautatu gintuzten.  
13_kultura_351.jpgZer jarraipen izango du nazioarteko talde horrek?
Asmoa, urtean gutxienez behin elkartu eta hainbat lekutan topaketak egitea da. Apiril edo maiatz aldean ere kontzerturen bat egitea daukate aurreikusita. Urtebeterako konpromisoa daukagu, unibertsitatea utzita ere abesbatzan jarraitzeko.



Zaila izan da abesbatzako beste herrialde batzuetako kideekin elkar ulertzea?

Abesbatzakoak ez ezik, orkestrako musikariak ere egon dira, eta momentu batzuetan nahiko zaila izan da guztion koordinazioa lortzea. Orokorrean, baina, oso interesantea izan da Valentziako esperientzia.

Parisen ere mantentzen duzu hartu-emana kantuarekin?
Bai, bertako Unibertsitate Hiriko abesbatzan hasi naiz. Oraindino entsegu bakar bat egin dut, baina, Parisko taldearekin. Astean behin batuko gara, eta otsail hasieran kontzertua izango dugu: Brahmsen obra bat kantatuko dugu.

Zer alde dago hemengo abesbatzekin konparatuta?
Lehenengo, Mallabiko Jasokunde abesbatzan hasi nintzen, eta unibertsitateko abesbatzan ere ibili izan naiz Bilbon. Hemen, inguruko jendearekin hartu-eman estua neukan, eta zuzendariak zer gura zuen ere ezagutzen nuen. Parisko taldean, nire moduan esperientzia daukatenak eta aurretik abesbatza baten sekula kantatu bako jendea dago. Anitzagoa da.

Zelan izan zen kantuarekin zaletzen joatea?
Bederatzi urterekin hasi nintzen Mallabiko Jasokunde abesbatzan, eta orain lau bat urte utzi arte bertan jardun dut. Eskolako denok eman genuen izena. Horrela joan nintzen kantatzeari gustua hartzen.

Izan be, kantuzale fama badaukazue Mallabian...
Jasokunde umeen abesbatza izan zen lehenengo, eta nagusiak ere zaletu ziren gero: gurasoen taldea be sortu zuten, orain urte batzuk. Bai, kantatzeko gustua badago Mallabian.

Zer dauka kantuak hainbeste urtean lotzeko?
Hasieran, umetan, denborapasa zen abesbatza, baina urteak igaro ahala abesbatzei lotuta jarraitzeko zaletasuna behar da, bai. Kantuak geroago eta exigenteagoak dira, geroago eta esfortzu handiagoa eskatzen dizute. Asebetetzea ere geroago eta handiagoa izaten da.

Jende gazterik badabil?
Neskak mutilak baino askoz gehiago izaten gara abesbatzetan. Askotan denboraldiak izaten dira; momentu batean talde oso polita egon daiteke, baina zoritxarrez ez da betirako: urteak aurrera egin ahala zailagoa da denbora ateratzea. Erreleboa behar da, eta gorabehera asko izaten dira horretan.

Abesbatzan taldea bera izango da inportantea...
Bai, lortzen zailena ere bai: ahots bakarra balitz legez entzun behar du jendeak; edo lau ahots mota behar badira, lau bailiran. Oso ahots mota desberdinak aritzen dira abesbatzetan, eta moldatu egin behar zara besteen ahotsetara. Soinuari dagokionez, osotasuna lortzea izaten da abesbatzen lanik zailena.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!