Durango bilgune dutela, bihar III. Balcón de Bizkaia korrituko dute Euskal Herriko pilotu onenek. Gaur arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara egiaztapen probak egingo dituzte Landako Erakustazokan. Bihar, Montecalvotik Elgetara arteko lasterketa korrituko dute, lau tramutan banatuta: guztira ia 60 kilometro osatu beharko dituzte parte hartzen duten pilotuek.
Lau tramuak honako hauek dira: Montecalvoko igoera (6,5 kilometro), Maumakoa (9,6 km), Elegetakoa (4,7 km) eta San Asentzio (8,1 km). Tramu bakoitza birritan korrituko dute.
Lehenengo igoera, Montecalvoko igoera, 09:00etan hasiko dut Artatzarako bidegurutzea dagoen inguruan. Ondoren, 09:23an, Maumako tramuari ekingo diote. Arriaundin kokatutako laguntza-gunetik sartu-irtena eginda, 11:20an, tramuak bigarren bider osatuko dituzte. Arratsaldeko saioak 15:00etan hasiko dira. Rallya aurreikusitako ordutegian garatzen bada, sari banaketa 21:00etan egingo dute, Andra Mariko elizpean.
Biharko lasterketa, besteak beste, Euskadiko Rally Txapelketarako puntuagarria da. Beraz, txapelketako horretan dabiltzan piloturik gehienak etorriko dira Durangora. Faboritoen zerrendan hainbat izenek osatzen dute. Ander Vilariñok (igoeretan Europako Txapelduna izana) irabazteko aukera handiak ditu Subaru WRCagaz. Ramon Apalanza ere aurrean ibiliko da Mitsubishi WRCaren bolantean. Aitor Barrueta ere Mitsubishiagaz ariko da, baina ez da World Rally Car-a. Iñigo Alustizak Euskadiko rallyen txapelketako lehenengo lasterketa irabazi zuen Lekunberrin eta orduan lortutako abantaila handitzen saiatuko da BMW M3aren laguntzarekin.
Durangaldeko pilotuek ere badute zeresanik. Lebeitik, betiko legez, borroka eta ikuskizuna ziurtatzen ditu. Iban Tarsicioren (Ford Scort Cosworth) eta Iñigo Olabegogeaskoetxearen (BMW M3) jarduna ere bertatik bertara jarraitzekoa izango da.