Ohiko jokoa du estrategia onena Berasaluze VIII.ak

Anboto 2009ko aza. 2a, 15:51

Uda arrakastatsu eta bete baten ondoren, lau t'erdiko txapelketari aurre egiteko ordua heldu zaio Pablo Berasaluzeri. Finalerdietarako pasea jokatuko du gaur Sebastian Gonzalezen kontra.

Jakina da Sebastian Gonzalezek defentsan duela ahulgune nagusia, batez ere, mugimendua eskatzen duen defentsan. Jakina da, era berean, Pablo Berasaluzek kolpez ezin duela partidurik hautsi. Beraz, buruz burukoetan, nahi eta nahi ez, berriztarra jokoa nahasten saiatzen da, airez zein dejaden bitartez. Horiek horrela, lau t’erdiko lau onenen ligaxkan nor sartuko den erabakitzeko, gaur Tolosan jokatuko duten partiduan Berasaluzek ez du aparteko estrategiarik behar; bere ohiko jokamoldea da azkaindarrari min emateko modurik onena.

Udara gogorra izan du Berasaluzek, eta kezkatuta egon da nekeak ez ote zion gehiegi eragingo. Baina azken aldian egin dituen entrenamenduetan oso ondo aurkitu da: “Uda gogorraren ondoren, 10 eguneko atsedena hartu nuen. Ez zela nahiko izango uste nuen, okerrago egongo nintzela, baina entrenamenduetan oso ondo aurkitu naiz”, aipatu du.

Lesio baten ondorioz Abel Barriola lau t’erdikotik kanpora geratu zenean, enpresek berriztarra jarri zuten multzoburu. Presiorik sentitzen duen galdetuta, “apur bat” baduela onartu du, baina ez omen dio ilusioari gaina hartzen: “Ligaxkan lau onenen artean sartzeak, gutxienez, beste hiru partidu jokatzea dakar. Gainera, datorren urtean berriro multzoburu izateko eskubidea irabaziko nuke. Horrek ilusio itzela sortzen du”.

Berasaluzek Josetxo Areitio izango du botillero. Ez da iurretarra aholku-emaile izango duen lehenengo aldia. “Gustura aurkitzen naiz beragaz, elkar ondo ulertzen dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!