Cespa Euskadi taldeak hasi berri du pistako denboraldia. Aurten, besteak beste, Munduko Kopako lau lasterketetan parte hartuko du; proba horietako lehenengoa zapatuan korrituko dute Ingalaterran, Manchesterren.
Taldea osatzen dutenen artean Durangaldeko txirrindulari bi daude: Iban Leanizbarrutia (Elorrio, 1988) eta Martzel Elorriaga (Zaldibar, 1988). Biek ala biek palmares dotorea dute, baina oraindik trebakuntza lan gogorra geratzen zaie aurretik. Ikustea eta ikastea dute helburu bakar; txirrindulari legez haztea. Asmo horrekin daude Manchesterren. Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetara begirako bide luzeko hasieran daude oraindik.
Zapatuan neurria eman behar dutenak beste batzuk dira, Unai Elorriaga eta Leire Olaberria, batez ere. Oraingoz, erantzukizunari ondo erantzun diote. Joan zen asteburuan pistako Europako Txapelketa izan zen Belgikan (Gante herrian) eta Elorriagak brontzezko domina eskuratu zuen. Zilarra puntu bakarrera geratu zitzaion. Ana Usabiagak ere puntutako modalitatea irabazi zuen nazioarteko beste proba prestigiotsu batean (Gran Prix de l’Humanité).
Promesa bi
Gure promesa bien orain arteko ibilbideak etorkizun oparoaren isla dira. Leanizbarrutia Espainiako txapeldun geratu zen iaz, 23 urtez azpiko Scratchean. Aurten zilarra lortu du Puntuazioan zein Scratchean. Hastear dagoen Munduko Kopan bigarrengoz ariko da.
Elorriagak urrezko domina bi eta zilarrezko beste bat irabazi zituen 2005eko Espainiako txapelketan. Iaz 24 urtez azpiko Puntuazioan Espainiako txapeldun geratu zen.