Betidanik gustatu izan zaizu auto-lasterketen mundua?
Autoak, motorrak… Mundu horrek betidanik erakarri nau.
Batzuk bai. Orain, Opel Kadett, Opel Askona eta Nissan Navara ditut. Ford Mondeo, Ford Scort XR3 eta Citroen Xsara eduki nituen lehenago.
Auto horiek guztiak noiztik hona?
Azken bost urteotan, gida baimena daukadanatik hona. Horiek denak kalerako eduki ditut; gero, hortik zehar apurtu ditudanak, beste hainbeste bai, gutxienez.
Gaztetxotan aitari autoa ostu-ostuka hartzen zenion horietakoa izan zara?
Baita, baita. Kotxea garbitzera noan aitzakia ipini, eta gero hara eta hona joaten nintzen.
Noiz hasi zinen lasterketen munduan serio pentsatzen?
Orain hiru urte. Lehenengo lasterketa korritu aurretik lan handia egin beharra dago. Ez dago kotxea lortu eta hurrengo egunean bolantean ipintzerik. Erabaki asko hartu behar dira: autoa aukeratu, hura muntatu motor batekin ala bestearekin…
Pilotuak eta kotxeak elkar hartu behar dutela diote. Neskalaguna izatearen antzeko da.
Gastu apur bat gehitxoagorekin, baina bai, horixe bera.
Gastuak aipatu dituzunez: Garestia da?
Opel Kadetta zerotik hasi nuen. Hala ere, Urkiolarako laguntza izan dut: trajea Peruk utzi zidan, kaskoa Omerrek, jarlekua Munitxak, Bediako lagunek arnesa…
Noiz arte puzzle horrekin?
Urrirako, Gernikako Rally eta Balcón de Bizkaiarako, muntatutako dena neurea izatea nahiko nuke.
Hor ibiliko zara bihurguneetan tentuz, inoren gauzekin bazterra jotzeko beldurrarekin.
Ez ba, berdin da. Izkina jo eta kalte askorik ez bada, aurrera. Ez da beldurrik eduki behar.
Beldurrik ez, baina ausarkeriarik ere ez, ala?
Arriskutsua izan liteke, baina kontu eta buru apur batekin ibiliz gero… Buru askorik ere ez daukagula, horixe da txarrena.
Senitartekoei ez zaie gustatuko esan duzun hori irakurtzea.
Badakite nolakoa naizen, eta alde horretatik ez dago erremediorik. Beti izan naz asto samarra
Izakerari ezin bolantean eutsi.
Bai, izakeraz ere horrelakoxea naiz: ausarta. Batera doaz.
Denbora kontua zen zuk auto lasterketetan amaitzea.
Garbi dago. Aurrekontuak eman balit, lehenago hasiko nintzen. Denbora kontua zen, bai.
Denbora eta fede kontua ere bai, apurren bat?
Apur bat baino gehiago. Mundu honetan ezer egiteko pazientzia handia behar da. Funtsezko dohaia da. Egiten duzun horretan sinestu beharra dago.
Urkiolako Igoeran estreinatu zinen. Kontaidazu lasterketa hasi aurretxoan, irteera
puntuan prest zeundela, zer sentzazio zeukan.
Momentu horietan oso urduri nengoela gogoratzen dut, baina, oro har, esperientzia oso polita izan zen niretzat. Gainera, gustura nago nire errendimenduarekin.
Zer denpora egin zenuen?
Ez nuen begitu ere egin. Uste dut azkenengo eta azken aurreko geratu nintzela lehen bi txandetan, eta hirugarrenean, berriz, azken hamarren artean.
Txus Jaiok ere ez zuen hasi eta segidan dena irabaziko.
Seguru. Ni esperientzia bizitzera eta autoa probatzera joan nintzen, eta oso pozik nago.
Ibilbide luzea duzu aurretik.
Espero dut. Nire asmoa ahal dudan denetan parte hartzea edo muturra sartzea da.
Nor duzu kopilotu?
Inor ere ez. Igoeretan ez da kopiloturik behar. Rallyetan eta rally-sprintetan bai. Baina beharko dut bat, eta, graziadun neskaren bat prest badago, hortxe dauka kopilotuaren aulkia libre.
Eta nor duzu aholku-emaile?
Joseba Andoni Munitxa, batez ere. Badaki nor naizen, zelan nabilen… Omer Artaloitia ere aipatu behar dut.
Urkiolako Igoeran zer akats ikusi zizkizuten?
Ondo ibili nintzela esan zidaten. Egia esanda, ni naizenarekin, lehenengo txandatik ez nintzela pasatuko uste nuen neuk ere.