"Gai asko jorratu ditut, eta aldi berean, badago gizartearen gaineko ikuspegi orokor eta kritiko bat"

Anboto 2009ko eka. 19a, 09:18

‘Berandu baino lehen’ liburua plazaratu du Joseba Azkarraga soziologo eta irakasle abadiñarrak. Gaur egungo gizartearen zein berau osatzen dugun norbanakoen inguruko gogoetak jaso ditu bertan.

‘Berandu baino lehen’ liburua plazaratu du Joseba Azkarraga soziologo eta irakasle abadiñarrak. Gaur egungo gizartearen zein berau osatzen dugun norbanakoen inguruko gogoetak jaso ditu bertan.

Noiz idatzitako testuak dira ‘Berandu baino lehen’-ekoak?
Azken lau bat urteotan idatzi ditut, gutxi gorabehera. Lanari lapurtutako orduetan idatzi ditut, asteburuetan edo zeozer esateko beharra sentitu izan dudanetan.

Zerk bultzatzen zaitu gai bati heldu eta idaztera?
Estimuluak askotarikoak izan dira. Kapituluetako batean, Atxagaren elkarrizketa batean zerbaitek harreta deitu zidan, eta horren inguruan idazteko beharrizana sentitu dut. Beste kasu batean, lagun batek esan zidan antidepresiboak hartzen hasi zela, bere esperientzia kontatu zidan eta, anekdota hori abiapuntu hartuta, depresioari buruzko gogoeta idatzi nuen. Hurrengo batean, Kuban gertatu zitzaigun kontu bati buruz. Beste batean, Bilboko La Vieja auzoan bizi izandako pasarte bati buruz…

Istorio beste anekdota.
Bai. Entzundako edo neuk bizitako anekdotak erabili ditut bizi dugun gizarteari buruz gogoeta egiteko. Argazkilari baten moduan ibili naiz: XXI. mendeko bizitzari erretratuak atera dizkiot eta, argazkiak atera ondoren, argazki bakoitzaren esangurari buruz idatzi dut.

Ardura berezia sortzen dizuten gaiak dira?
Bai. Oro har, gizartean ardura berezia sortzen duten gaiak dira: krisi ekologikoa; depresioa eta bere kausa sozialak; euskal gatazka; gure garapen eredu produktibista; maitasuna eta gaurko harreman afektiboak; gorputz perfektua edukitzeko daukagun obsesioa nondik datorren; pobrezia; euskal subiranismoa; identitate kontsumistak; gaurko arazo psikiko berriak; krisi energetikoa eta horren ondorio posibleak… Gai asko aztertzen dira liburuan. Baina, aldi berean, badago batasun bat, badago gizartearen gaineko ikuspegi kritiko bat.

Norberarentzako ere onuragarria da errealitateari begiratu eta gogoeta egitea?
Niri balio dit, eta uste dot edonorentzat lagungarria izan daitekela. Orain ehun urte jaio izan bagina, geure bizitza, geure esperientziak, geure bizipenak, ezberdinak lirateke. Euskal Herrian barik, munduko beste puntan jaio izan bagina, zeresanik ez. Garai eta geografia konkretu batek ematen digu izana: garai jakin baten taupadak eta leku baten ezaugarriak gure parte dira. Gure garaia eta lekua ezagutzeak aukera ematen digu geure burua hobeto ezagutzeko: norbanako modura sortutakoa edo gizartearen antolamendu kaskarren ondorioz sortutako sufrimendua nondik datorren ikusteko.

Zein da pentsatutakoa idatzi eta liburua egiteko prozesua?
Konplikatua. Erditze luze bat da. Liburu bat argitaratzea luzea da. Puntu perfekzionista bat edukiz gero, are gehiago; batzuetan lagungarria da, baina infernu txiki batera eraman ahal zaitu perfekzionismoak. Alberdania argitaletxeko liburuei Antton Olariagak egiten dizkie azalak, oso lan ederrak gehienetan, eta, euskara zuzentzaileak Euskaltzaindiaren azken arauak sartu behar ditu. Beraz, ez da bakarrik norbere lana. Liburu honetakoa, baina, epiduralarekin eginiko erditzea izan da: ez da hain luze eta konplikatua izan.

Soziologia eta psikologia...
Nortzuk garen azaltzeko, soziologia eta psikologiaren arteko bidegurutzea oso da emankorra. Soziologiak paisaia jartzen du. Psikologiak, berriz, bidaia pertsonala esplikatzen du. Bidaia pertsonalak ezin dira paisaia barik ulertu. Eta kontrara, paisaia nolakoa den kontatzeko, kontuan izan behar duzu norbanako errealak eta euren esperientzia errealak. Paisaia sozial eta historiko bako biografia, zuringo bako arrautza da.

Politika eta esparru pribatua.
Batzuetan, kontu potoloei heldu diet: globalizazioa, krisi energetikoa, krisi ekologikoa… Bestetan, bizitza txikiari heldu diot: gaurko euskal umeak, gaurko ego indibidualak zer puztuta dauden, zergaitik kontsumitzen dugun horrenbeste… Argazkilariaren antzera, zooma erabili dut: zooma orain zabaldu eta orain estutu egin dut, paisaia edo pertsonen aurpegiak, zimur eta guzti ateratzeko. Sarri pertsonaren barruari begiratu diot eta, gero, barru hori esplikatzeko pauso bat atzera eman eta gizarteari argazki orokorra atera diot.

Zer da berandu baino lehen aldatu behar genukeena?
Gauza asko, baina hiru aipatuko ditut. Bat: gutxiagorekin hobeto bizi daiteke. Oporretan planetaren bestaldera joateak edo plasma pantailak ez gaitu zoriontsuago egingo. Jende asko berandu konturatzen da aspektu ez materialak izan direla bizipoz gehien eman dietenak (krisi garaian, kontuan hartu beharrekoa da). Bi: gizarte moduan ere, hazkunde ekonomiko etenik bakoak ez gaitu inora eramango. Eramatekotan, zulora eramango gaitu. Hiru: euskal suberanismoak esnatu beharra dauka, berandu baino lehen.

Etorkizuna zelan ikusten duzu?
Dilema potoloak ditugu, baina ez gabiltza sakoneko arazoei aurre egiten. Gaixo dagoen gizarteari botikak ematen gabiltza, sintomak desagertarazteko, baina ez gabiltza gaixotasuna osatzeko politikak martxan jartzen. Kezkaz bizi dut etorkizuna, bai euskaldunona, bai munduarena. Baina, ez da kezka desmobilizatzailea: bizi dugun mundua ulertzea inportantea da, baina berau hobetzeko inplikaziorako balio behar du kezkak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!