Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban jokatuko da Emakumeen Bira

Anboto 2009ko mai. 28a, 14:35

Ekainaren 11tik 14ra korrituko den XXII. Emakumeen Birak, lehenengoz, Araban hasi eta amaituko den etapa bat izango du. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoek dute bertan hasi eta amaitzen den etapa bat, gutxienez. “Azkenaurreko urratsa da”, dio Emamumeen Bira Kirol Elkarteko kide Agus Ruiz Larringanek. Izan ere, datorren urtean Nafarroara zabaltzeko saiakera egingo dute.

Ekainaren 11tik 14ra korrituko den XXII. Emakumeen Birak, lehenengoz, Araban hasi eta amaituko den etapa bat izango du. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoek dute bertan hasi eta amaitzen den etapa bat, gutxienez. “Azkenaurreko urratsa da”, dio Emamumeen Bira Kirol Elkarteko kide Agus Ruiz Larringanek. Izan ere, datorren urtean Nafarroara zabaltzeko saiakera egingo dute.

txrrindulari.JPG19 taldek parte hartuko dute Emakumeen Biran: guztira, 114 txirrindulari. Horietatik lau euskaldunak dira: Bizkaia-Durango, Lointec-Ugeruaga, Debabarrena-Kirolgi eta Tolosa.

Iaz ia etapa guztiak eta sailkapen nagusia irabazi zituen Marianne Vosek ez du aurtengo aldian parte hartuko. Fabiana Luperinik (2006) eta Edita Pucinskaitek (2002) badakite Emakumeen Bira irabaztea zer den, eta irteera puntuan egongo dira. Horiekin batera, hainbat txirrindulari gaztek osatzen dute faboritoen zerrenda: Iaz bigarren eta hirugarren amaitu zuten Tatiana Guderzok eta Luise Kellerrek, esaterako. Claudia Haussler ere kontuan hartzeko txirrindularia da.

Hala ere, faboritoen artean faborito da Nicole Cooke; Munduko Txapeldun eta Txapeldun Olinpikoa den galesak lehenengoz parte hartuko du, eta Ruizek ez dauka zalantzarik Bira bere palmaresera gehitzeko “asmo sendoarekin” etorriko dena.

Lehiakortasun handia dagoenez, talde euskaldunek zail dute etapa garaipena. Hala ere, itsaso nahasian etekinak norentzat izan ohi diren badakigu, eta faboritoek batak bestea zaintzeari bakarrik jartzen badiote arreta, gainerakoek egoera hori aprobetxatu egin dezakete.
Joane Somarriba eta Hanka Kupfernagel dira Emakumeen Bira gehien irabazi dituztenak: hiruna. Alena Barilovak birritan irabazi du.



ETAPAK, BANAN-BANAN


1.etapa, ekainak 11
Ibilbidea: Iurreta-Iurreta
Luzera: 76 kilometro
Mendateak: Aretxabalgana (3.mailakoa), Autzagane (3. mailakoa)
Norbere hankak probatu eta ondokoarenak nola dauden ikusteko etapa da; Birari neurria hartzeko balioko duena. Mendateak ez dira daudenik gogorrenak, baina faboritoen lehen aukeraketa egiteko balio dezakete; iaz Marianne Vos izeneko erauntsiak irabazi zuen lehen lasterketa hau; bost etapatik lau irabazi zituen. Aurten pronostikoak zabalik daude.

2.etapa, ekainak 12
Ibilbidea: Amurrio-Amurrio
Luzera: 84 kilometro
Mendateak: Belandia (2.mailakoa)

Mendate bakarra igoko dute, baina bera bigarren mailakoa. Gainera, oro har, oso ibilbide gorabeheratsuari aurre egin beharko diote. Zangoak eta muskuluak ederto berotzen dituen horietakoa da bigarren etapa. Litekeena da Belandian gora indartsuenak bakarrik geratzea, baina gainetik helmugara kilometro mordoska dagoenez, atzeko hainbatek bat egin dezakete aurrekoekin.

3A etapa, ekainak 13
Ibilbidea: Goiurira kronoigoera
Luzera: 2,2 kilometro
Ezusteko handirik ezean, faboritoak denbora beretsuan iritsiko dira Goiurirako kronoigoerara. Antolatzaileek uste dute lehenengo aldeak  etapa honetan agertuko direla; izan 3 segundo zein 30. Kilometro bi eta erdiko igoerak ez du alde erabakigarririk zabaltzeko modurik ematen, baina faboritoen artetik benetako hautagaiak bereizteko balio dezake. Podiuma argitzen hasiko da.

3B etapa, ekainak 13
Ibilbidea: Elgoibar-Elgoibar
Luzera: 79 kilometro
Mendateak: San Migel (3. mailakoa), Kalbario (3. mailakoa)
Mendate bi, aprobetxatu nahi dituenarentzat. Lehenengoa, San Migel, luzea baina aldapa eramangarriak dituena; bigarrena, Kalbario, laburra eta zitala. Lasterketa hautsi dezake Kalbariok. Igoerak 2,5 kilometro bakarrik ditu, baina aldapa batzuek %13rainoko penditza dute. Hori gutxi balitz, etapako azken 400 metroak ere gorantza dira.

4. etapa, ekainak 14

Ibilbidea: Urduña-Urduña
Luzera: 123 kilometro

Mendateak: Garate (3. mailakoa), Barrerilla (2. mailakoa), Urduña (2. mailakoa)
Azkenengoa etapa nagusia da. Bakoitza bere tokian utziko duena. Barrerilla 6,5 kilometro luze da eta hasieran %9ko aldapak ditu. Ondoren, amaieratik kilometro gutxira, Urduña gaina dago; ahal duenak igo ditzala %12ra arteko penditzak. Handik helmugara arteko bidea beherantz da. Urduñan amaituko da 2009ko Bira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!