Trebea eta langilea

Anboto 2009ko api. 17a, 15:32



Unai Etxebarria - Txirrindulari ohia

Mikel eta Guti txirrindulari onak eta pertsona  hobeak direla esateko aukera paregabe hauxe aprobetxatu gura dut, biekin  denbora eta momentu on asko igaro ditudalako.

Txirrindulari ibilbidea latza eta laburra izateaz gainera, denbora labur hori arin joaten dela konturatzen zara. Oraindik gogoan ditut Euskadi taldean Mikelekin batera emandako hasierako urratsak, eta denboraldiz kanpo egiten genituen eskapadatxoak (ehiza, mendia, arrantza…).

Guti txirrindulari azkarra eta lehiakorra zen,  eta bere trebetasuna Munduko Txapelketan bigarren eginda erakutsi zuen. Trebea bakarrik ez, eguneroko entrenamenduetan atsegina izateaz batera beti laguntzeko prest zegoena zen.

Bestalde, Mikel txirrindulari  langilea eta talde gizon garrantzitsua izateaz aparte, pertsona eta lagun lez ezin hobea dela segurtatu nuke.

Mila aldapa gora eta behera, hainbat eta hainbat  kilometro egin ondoren, horietako batean sorturiko irudi bat datorkit burura oraintxe; Tourreko etapa menditsu batean, Roseland izeneko mendatean, Mikel tropeletik tiraka jarri zen, eta bere taldeburua zen Belokirekin eta beste gutxi batzuekin bakarrik igaro zuen tontorra.

Bizitzan gertatu ohi denez, denak dauka amaiera; guri dagokigunez, txirrindularitza bigarren maila batean utzi dugu, eta orain lehentasuna duten bestelako zereginetan gabiltza. Zeregin berri horietan zorterik onena opa diet; seguru horri ere aurre egingo diogula.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!