Haurrak lehenengo
Elorrion ez da lehenengo aldia izango Munduko Kontu Kontalarien jaialdia antolatzen dutena, eta hainbat egunetarako saioen programazioa zehaztu dute apirilaren azken astebururako. Txikienei zuzendurikoa da jaialdia abiatuko duen saioa: Paraguaiko Marco Flecha kontalariaren ahotsak inauguratuko du Arriolako jaialdia apirilaren 23an, 12:00etan.
Eskolako haurrak izango dira saio horretako entzuleak, eta Tierra colorada ipuin kontaketa saioa eskainiko die Flechak haur elorriarrei. Guaranien kondairak eta Hegoamerikako istorioak oinarrian dituzten ipuinak ekarriko ditu paraguaiarrak Elorriora.

Apirilaren 24an ere, eskolako entzulegoarentzako espreski prestatutako saioa izango da Arriolako Munduko Ipuin Kontalarien Jaialdian: Argentinako ahots bat izango da egun horretan umeei imajinazioa zabaltzeko hitzak ekartzen: Ines Grimland argentinarraren ipuinak izango dituzte 13:00etan hasita. Por una pasión izeneko ikuskizunean, maitasunari eta grinari buruzko istorioen bilduma eskainiko du Arriolan Ines Grimland kontalariak.
Ikuslego zabalarentzako pentsatutako ordutegian izango dira jaialdiko azken bi saioak: apirilaren 24an, 22:00etan, irakurri edo asmatutakoa kontatzen arituko dira Emma Lopez valentziarra eta Jota Villaza kolonbiarra.
Apirilaren 25ean, 20:00etan, jatorri libaniarra duen Theresa Amoonek De una tierra a otra eta Albert Estrenge kataluniarrak El sexo no bendito ipuinak eskainiko dituzte, Munduko Ipuin Kontalarien Jaialdia amaitzeko.