Martxoaren 8a dela-eta…

Anboto 2009ko mar. 13a, 13:34

unai_zamalloa_150.jpg






Unai Zamalloa - Saskibaloi entrenatzailea


Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta, tipikoa eta topikoa irudituko jatzue, baina, emakumeen saskibaloiari buruz berba egitera nator gaurkoan.

Eskualdean inoiz baino osasuntsuago eta indartsuago dabil saskibaloia emakumeen artean. Durangon, Zaldibarren, Berrizen, Elorrion eta Zornotzan emakumeen saskibaloi taldeak ditugu, hainbat mailatan. Gizonezkoen saskibaloiagaz alderatuta, bai fitxetan bai talde kopuruan eta mailan be, goitik dabil emakumeen saskibaloia. Adibide moduan, aitatzekoa da Durangon mutilen talde bakotxeko emakumeen hiru talde dagozela harrobiko mailetan.

Egia esan, fisikoki emakumearen eta gizonaren artean desberdintasun nabarmenak dagoz. Gaur egun, emakume bat mate bat egiten ikustea oso gatxa da, baina horregaitik bakarrik emakumeen saskibaloia ez da eskasagoa. Askotan, teknikoki eta taktikoki askoz gehiago da, fisikoan bakarrik oinarrituta ez dagoelako.

17 urtegaz hasi neban nire entrenatzaile ibilibidea, eta lehenengo urtea izan ezik beste denak emakumezkoen saskibaloian eman ditut. Niretzat ibilbide hau oso oparoa izan da orain arte, eta etorkizunean be halakoa izatea itxaroten dot. Azken batean, saskibaloia da guztia.

Horregaitik, egun hori aprobetxatuz, emakume eta gizon askok emakumeen saskibaloiaren alde gure eskualdean urteetan zehar egindako lana omendu gura dot. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!