
Unai Iturriaga eta Igor Elortza durangarrak, Fredi eta Xabi Paya, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue bertsolariekin batera prentsaurrekoan izan dira astelehen goizean, orain 50 urteko Bizkaiko lehenengo bertso txapelketako partaide izan zen Jon Azpillaga bertsolaria, eta txapelketa hura antolatu zuen Euskaltzaindiako kide Jose Luis Lizundia. Azpillagak, hasierako txapelketa horiexek izan ditu ahotan, eta nabarmendu du, ikuslegoa adinekoa izaten zela lehen gehiago, eta "izugarrizko aurrerapausoa" dela egun hainbeste gazte bertsozale izatea. "Katea ez da eten", adierazi du Lizundia euskaltzainak ere. Azpillaga bera izango da, zortzi bertsolarietako bati txapela jantziko diola datorren zaopatuan.
"Gogotsu", "urduri", eta "orainarte egindako lanarekin gustora" daudela adierazi dute besteak beste bertsolariek. Orain bi urteko txapelketan parte hartu ez zuen Unai Iturriagak berriz, "orainartekoa baino saio hobea egitea" duela zapaturako erronka azaldu du, eta irribarrez esan, "tradizioa jarraituz, bigarren geratzea". Bizkaiko txapelketan izango dugun Durangaldeko bigarren ordezkariak, Igor Elortzak, "prest eta gogotsu" dagoela azpimarratu du, eta jai handia eta "plaza ederra" izango dela zapatukoa.
Zapatuko finalera begirako berbak izan dituzte bertsolariek Durangon, eta zifra bat mahaigaineratu dute antolatzaileek: 3.100 sarrera salduak dituztela dagoeneko, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako. Aurreko edizioetako Arriaga eta Euskalduna txiki geratuta, zapatuan BECen izango da Bizkaiko finala.
Txapelketaren jarraipena egiteko martxan jarri duten www.botasarean.biz webgunean eskuratu daitezke abenduaren 18a arte, abenduaren 20ko finalerako txartelak. Hain zuzen, euskal webguneen Buber sariketan "webgune ikusgarriena" izendatu duten helbidean bertan.