Derbi bana Abadiño eta Berrizentzat

Anboto 2008ko aza. 24a, 16:00

Futbolean eta areto-futbolean derbi bi jokatu dira asteburuan. Bietan Abadiñoko eta Berrizko taldeak izan ditugu aurrez aurre. Futbolean Abadiñok irabazi du; areto-futbolean, aldiz, Berrizek.

Futbolean eta areto-futbolean jokatutako derbi bitan Abadiñoko eta Berrizko taldeak izan ditugu aurrez aurre asteburuan. Futbolean Abadiñok irabazi du; areto-futbolean, aldiz, Berrizek.

Bi partiduak ikusgarriak eta gol askokoak izan ziren. Futbolean eta Bigarren Erregionalean Abadiñok 4-5 irabazi zion Berriz Bri Berrizburun jokatutako partiduan. Garaipenarekin abadiñarrak hirugarren postura igo dira eta hiru puntura dute sailkapenean bigarren dagoen Gernika Sporting. Orain arte, beste Liga batean ari dela diruena Elorrio da. Berriro ere irabazi egin zuten eta berriro ere atea hutsean mantenduz (0-1 Bermeori).

Areto-futbolean emaitza bera eman zen, baina berriztarren alde. Presion Break taldeak 5-4 irabazi zion Abadiñoko Laguni. Lehen zatian berriztarrak nagusi izan ziren eta alde polita eraman zuten atsedenaldira (3-1). Bueltan Abadiñoko Lagun 3-2 hurreratu zen, baina Berriztarrek erritmo bizian jarraitu zuten era hurrengo gol biak beraienak izan ziren. Dena erabakita zegoela zirudienean abadiñarren erreakzioa iritsi zen. Gol bakarrera jarri ziren eta berdinketa lortzeko aukera oso onak alperrik galdu zituzten. Garaipenarekin Presion Break bigarren kokatu da. Berrizko taldea iaz sortu zen eta lehen urtean mailaz igotzea lortu zuen. Abadiñoko Lagun, bere aldetik, hamabigarren dago, liga hasi aurretik aurreikusi zitekeena baino askoz beherago. Iaz mailaz igotzeko zorian izan ziren abadiñarrak. Datorren asteburuan Iturritxu liderraren aurka jokatuko dute.

Futbolean eta areto-futbolean azpimarratzeko moduko partidu gehiago izan dira asteburuan.  Esaterako, Bigarren Erregionalean Extremeñok segidan  bigarren garaipena lortu du. Etxetik kanpora 0-3 irabazi zion Artibairi. Datorren asteburuan Ermua jasoko dute etxean. Ermuak puntu bakarra du eta azkenengo dago. Irabaziz gero, 30 urtetik gorako historian izan duen garaipen boladarik onena lortuko luke Durangoko taldeak. Izan ere, Extremeñok sekula ez ditu irabazi hiru partidu jarraian. Dena dela, iaz izan zuten bolada oso on bat. Hamaika partidu erreskadan galdu gabe izan zituzten, horietako bi irabaziz.

Areto-futbolean Abadiñoko Gaztetxiek oso gaizki hasi zuen liga, baina joko puntu egokia aurkitu dute eta azkenengo bost partiduak irabazi egin dituzte. Zulotik bosgarren postura igo dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!