Bueltaka

Anboto 2008ko aza. 17a, 16:07

Amorebietak errealitatera bueltan ekarri du Durangoko Kulturala. Hirugarren mailan ez dago inorekin fidatzerik. Tabirakoko gizonak ere zulotik bueltan dira. Denboraldiko bigarren garaipena bolada hobe baten mugarria izan dadila.

Amorebietak errealitatera bueltan ekarri du Durangoko Kulturala. Hirugarren mailan ez dago inorekin fidatzerik. Tabirakoko gizonak ere zulotik bueltan dira. Denboraldiko bigarren garaipena bolada hobe baten mugarria izan dadila.

Segidan hiru partidu irabazita, ezti gozotan igerian zebiltzan Txintxurretaren gizonak. Erasoan inspiratuta eta atzean sendo ageri ziren. Ematen zuen edonori irabazteko kapaz zirela. Amorebietak oinak lurrera bueltan ekarri zizkien. Konturatu ziren, edonori irabazteko kapaz izan diren moduan, edonoren kontra galtzeko modua ere badutela. Zornotzako taldeak sarritan gogorarazi zien hori: lau bider, hain zuzen. Durangarrak sailkapenaren erdian daude orain. Datorren asteburuan San Ignacio ahula jasoko dute etxean.

Tabirakoko gizonak ere bueltan dira eta gaitzerdi. Lehen jardunaldian irabazi zutenez geroztik arrastoa galdurik genien. Batzuek zioten astebururo kantxan gora eta behera zebiltzan horiek berak zirela, ezagutzen zituztela eta jokalari berberak zirela. Baina jokoa ikusita mesfidati bat baino gehiago agertzen hasia zen. Nik uste, zurrumurrua bolo-bolo zebilenez benetako jokalariek inor konturatu baino lehen itzultzea erabaki zutela, oporretatik, espaziotik eta batek daki nondik. Denboraldi osoan ez bezala defenditu eta erasoko une erabakiorretan burua hotz mantendu zuten. Sufritutako eta merezitako garaipena eskuratu zuten Pamplona UPNAren aurka (76-72). Aholku bat: hemendik aurrera zaintzapean izan ditzatela, benetako hauek behar beharrezko ditugu-eta.

Bueltatu beharrik izan ez duena Anbotopeko da. Ez baita inora joan. Seitik sei irabazi dituzte eta sailkapeneko goialdea beren bizileku bihurtu dute. Gainera, ez du ematen desalojorako arriskurik dagoenik. Neptuno garaipen bakarrera dute, baina  beste guztiak gutxienez hirura daude eta frente bakarreko erasoa kontrolatzeko errazagoa da beti.

Oker beraren bueltan jira biraka dabiltzanak Durango Rugby Taldeko emakumeak dira. Arrasateren kontrako garaipenak ez du jarraipenik izan. Euskotren Gaztediren konta 25-8 galdu zuten. Ondorioz, azken aurreko jarraitzen dute.

Gainerakoak ibiltzen hasterako dagoeneko bueltan direnak Elorrio futbol taldeko jokalariak dira. Partidu guztiak irabazi dituzte, zazpi guztira. Horrez gainera, 21 gol sartu dituzte eta ez dute bakar bat jaso. Datu ikaragarriak dira.

Pozarren saltoka, bueltaka eta kabitu ezinda egongo diren beste batzuk Extremeñokoak dira. 4-1 irabazi zieten Zorrontzakori. Pobrearen etxean ogi apurrak ere bendizio izaten dira eta durangarrei antzerakoa gertatu zaie. Ez al dira zorabiatuko!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!