Rap-rocka, 70eko hamarkadako doinuak, bakarlari bat eta rock iluna

Anboto 2008ko aza. 13a, 11:52

Danbaka musika lehiaketaren hirugarren edizioaren bide erdira heldu gara dagoeneko: bihar, ostirala, hirugarren kontzertua egingo dute Elgetako Espaloia kafe antzokian, 22:30ean. Orain arte ikusi eta entzundakoaren arabera, esan dezakegu talde gehienek serio hartu dutela lehiaketa, eta etxeko lanak eginda joaten direla Elgetara.

Danbaka musika lehiaketaren hirugarren edizioaren bide erdira  heldu gara dagoeneko: bihar, ostirala, hirugarren kontzertua egingo dute Elgetako Espaloia kafe antzokian, 22:30ean. Orain arte ikusi eta entzundakoaren arabera, esan dezakegu talde gehienek serio hartu dutela lehiaketa, eta etxeko lanak eginda joaten direla Elgetara.

Talde berri eta zaharrak
Bihar, Debagoieneko eta Durangaldeko bina talde arituko dira agertokian. Bakarlari batek zabalduko du gaua, gitarra eta armonikaren laguntza soilez: Los Viernes Al Ron izenaren atzean, Iñigo Irizar bergararra dago.  Bakarlariari 70eko hamarkadako doinuek jarraituko diote, Arrasateko Bitter Honey talde berriaren eskutik.  Horren ostean, baina, musika  estiloa zeharo aldatuko da: Zornotzako Army-Armak –iazko Berrizko musika lehiaketako irabazlea– rap-rock emanaldia egingo du. Horri 90eko hamarkadan jaio eta orain dela lau urte berpiztutako Brankan taldeak jarraituko dio.

LOS VIERNES AL RON  (Antzuola)

Bergaran jaiotako Iñigo Irizarrek urte asko darama etxean gitarrarekin jolasten, armonika jotzen ikasten eta abesten. Are gehiago, bakarka zein Iñigo Gabilondo musikariarekin Gabi eta Pepi izenpean, Bergaran ezagun samarra da, emanaldi xume dezente egin dituelako. Aspaldian Antzuolan bizi da, eta musika alboratuta zuela ematen zuen arren, jarraitzen du etxean konposatzen eta musika egiten. Bluesa, folk amerikarra eta beste lantzen ditu euskaraz, gitarrarekin eta armonikarekin lagunduta.

BITTER HONEY (Arrasate)

Talde berria da Bitter Honey, inoiz zuzenean aritu bakoa. Hala ere, musika taldea osatzen dutenak ez dira hasiberriak, ez. Aitor abeslaria Jukeboxetik dator, Borja eta Enaitz Los Chicos Boom eta Radio Wings taldeetatik, eta Mikel Black Sheeps taldetik. Guztiak arrasatearrak dira, Mikel ezik, azken hori bergararra baita. Aurreko taldeetatik tiratuta, 70eko hamarkadako doinuetan buru-belarri dabiltza, eta, tarteka, beste askoren artean Flaming Grooviesen izpiritua ekartzen dute gogora.

ARMY-ARMA (Zornotza)

Army-Arma Eubako (Zornotza) taldea da. Berez gazte samarra bada ere (2006an sortutakoa), taldekideek eskarmentu nahikoa daukate eta iaz Berrizko Aldapa musika lehiaketa irabazi zuten. Seikote honen eskaintza irmoa da: rocka, metala, funka eta rapa batzen dituzte. Funk-rock
oinarrietatik abiatuta, riff rockeroekin eta DJen scratchekin asko aberasten dute emaitza. Gazteleraz abesten duten arren, Rage Against The Machine eta Red Hot Chilli Peppersen antzeko ildoetan dabiltza.

BRANKAN (Berriz-Markina)

Brankan taldearen kasua bitxi samarra da. Hirukote hori 90eko hamarkadan hardcorea egiten ibili zen, Andoaingo Karkaxa, Bermeoko Münsterland eta beste talde batzuekin batera, 2000.ean taldea bertan behera utzi zuten arren. Orain dela lau urte, baina, Aitor Osa eta Igor Larrinagari Denis Alberdi bateria-jotzailea batu zitzaien. Berriz eta Markina artean kokatutako talde honek, baina, koordenadaz zeharo aldatu du: rock iluna egiten dute, ez hain azkarra eta melodikoagoa.

Sarrerak doan lortzeko bidali mezua astekaria@anboto.org-ra
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!