
Sinesgarri eta gogor
Hain zuzen hortzak erakutsiz eta aizkorak zorrotuta agertu ziren lehenak Scamekoak izan ziren. Teknikoki zehatz, agertokian seguru eta asko ezustean harrapatu zituen ostia txarrarekin, bigarren aldian sendoago eta sinesgarriago irten dira. Ezin zaie ukatu, gainera, gogotsu eta ilusioz ikusten zaiela eta horrekin ere asko daukate irabazita. Aurreko Danbakan baino hobeto,
baina batez ere sinesgarriago. Scamekoen ostean maila teknikoa ez zen inola ere murriztu. Lord Witchekoak baino heavy klasikoagorik ezin da jo baina, halaber, egia da horren ondo jotzea ez dela txikikeria. Bikain, eta estiloa maite dutenendako gozatu ederra.
Intentsitatearen maisu
Eta azkenik agertoki gainean guztia eman zutenak. Talderik helduena, abesti borobilenak eta estilo aldetik bereizgarrienak izan ziren Adi Holdenekoak. Intentsitatearekin jolastuz, amorru eta maitasun abesti latzetan rock hutsetik noisera eta handik joandako hamarkadako indie-aren riffik sarkorrenetara. Guztia amorruz eta sekulako indarrarekin agertokiko zentimetro guztiak beteaz. Taldeak osorik eta banan-banan bikain jardun zuen. Esan moduan, hortzak erakutsi zituzten egubakoitzean den-denek.
Hurrengo kontzertuetara joateko sarrerak doan eskuratzeko bidali mezua astekaria@anboto.org helbidera.