Pilota eskaintza ugaria

Anboto 2008ko urr. 9a, 16:47
Asteburu honetan jokatuko dira zesta-puntako Sanfaustoetako txapelketa, trinketeko Tornosolo eta eskuzko lau t’erdiko Olazar.
Pilotazaleek badute zer ikusia eta zer gozatua datozen asteetan. Ikuskizunak joan zen asteburukora hurreratzen badira, hilebete ederra dugu aurretik.

Ez da erraza izango, halere. Durangon, Munduko Zirkuituko Txapelketako finalean zestalari onenak izan ziren aurrez aurre: Iñaki Goikoetxea eta Eric Irastorza. Zumaiarrak Adolfo Elizegi durangarra kanporatu zuen finalerdietan. Finalean, berriz, Irastorzarekikoak egin zituen (30-21). Gaur egun zesta-puntan dagoen izarrik handiena izan zen txapeldun.

Domekan, San Fausto Txapelketako finalerdiak jokatuko dira. Urrejola eta Iñaki durangarrek Gernikako bikotea izango dute aurkari. Irabaziz gero, bigarren urtez jarraian Durangoko bikote bat finalera iritsiko litzateke. Beste finalerdia Donibane Lohitzune eta Gasteizen artekoa da.

VII. Tornosolo Kopa
Abadiñoko trinketean jokatzen den kopa joan zen astean hasi zen. Bi maila daude: etorkizunekoena eta lehen mailakoena. Nagusietan, hiruko multzo bi daude. Multzoko lehenengoak finalerdietara pasatuko dira. Han zain izango dituzte Medina mexikarra eta EPBko pilotari bat.  Lehenengo jardunaldian Mikel Gonzalezek ozta-ozta irabazi zion Jon Uriarte (40-39). Beste multzoan, Iker Etxebarriak 40-33 menderatu zuen Ander Martin. Promesetan, Ibon Ziarrusta 30-27 nagusitu zitzaion Inhar Ugarteri.

Bihar jokatuko da bigarren jardunaldia, 18:30ean hasita. Lehen Mailan Uriarte-Goitia eta Gandiaga II.a-Etxebarria dira norgehiagokak. Promesetan beste partidu bi jokatuko dira: Cerezo-Etxebarria eta Gordon-Ugarte. Finalak urriaren 31n dira.

XXI. Olazar Txapelketa
Beste klasikoa. Afizionatu mailako pilotari onenak batzen dituen lau t’erdiko eta binakako Olazar Txapelketa. Urriaren 16an hasiko da eta eguenero izango dira partiduak Zaldibarko pilotalekuan. Final handia gabon zaharretan jokatuko da.

Guztira, 34 pilotari ariko dira: 24 binaka eta 10 banaka. Datorren egueneko lehenengo jardunaldian Aldape mallabitarra eta Landaburu elorriarra lehiatuko dira kaiolan, 21:30ean hasita. Ondoren, binakakoaren txanda izango da; Erauskin lemoarrak eta Lopez ortuellarrak osatutako bikoteak Andreu-Irureta bikote gipuzkoarrari egingo dio aurre.

Aldian aldiko pilotari onenak etorri izan dira Zaldibarrera. 2001ean, esaterako, gaur buruz buruko txapelduna den Oinatz Bengoetxea. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!