Sasikoak igoera du helburu eta Elorriok mailari eutsi nahi dio

Anboto 2008ko urr. 2a, 09:48
Areto-futbolean puntan ditugun talde biek jomuga ezberdinak dituzte. Durangarrek talde indartsua eratu dute goian ibiltzeko; Elorriok jaitsiera ekidin nahi du.
Joan zen asteko lehen jardunaldiko emaitzak Sasikoak eta Elorrioko Buskantzak Nazional B Mailan dituzten helburuen isla dira. Durangarrek irabazi egin zuten etxetik kanpora; elorriarrek, aldiz, ondo jokatu arren galdu egin zuten etxean. Lehenengoek lau onenen artean sailkatzea dute helburu; bigarrenek, mailari eustea.

Orain urte bi maila galduta, iazkoa trantsizio denboraldia izan zen Sasikoarentzat. Bigarrentaldetik igotako jokalariekin osatutako taldeak arazorik gabe eutsi zion mailari, baina goiko postuetatik urrun ibili ziren. Aurten ahalegin berezia egin dute fitxaketetan, eta talde indartsua eratu. Borja Crespo, Jon Cejuela, Iñigo Balentziaga, Omar Arias eta Oscar Crespo taldera gehitu dira. Guztiak ere kalitateko jokalariak dira. Ondorioz, helburuak ezin du izan mailari eustea, behinola galdu zutena berreskuratzea baizik. Mailaz igotzeko faboritoen zerrendan daude. Dena dela, igoera lehenengoak bakarrik lortuko du.

Asteburuan Tecuni Bilboren aurka jokatuko dute, GSI Bilboren filialaren aurka. Filial guztien antzera, jokalari gazteak eta klase handikoak dituzte, esperientziarik eza ilusioarekin eta oldarkotasunarekin estaltzen dutenak.

Elorrioko Buskantzak 5-6 galdu zuen ligako lehen jardunaldia. 3-0 eta 5-3 aurretik izan eta aukera paregabeak alperrik galdu ondoren, azken hiru minutuetan fisikoki behera egin eta ezin izan zioten berdinketari ere eutsi. Beheragoko mailetan, beharbada, baina behin Nazional B Mailara iritsita ez dago hainbeste barkatzerik. Asteburuan kanpoan jokatuko dute Orioko taldearen aurka.

Filialeko jokalariak dira taldearen errefortzu nagusiak: Oier Conde, Endika Gallastegi eta Iñaki Duñabeitia, hain justu. Fitxaketen zerrenda Iñigo Astarloak eta Eder Morenok osatu dute.
Maila bat beherago, Euskal Ligan jokatzen du Sasiko Bk. Hauek bosna berdindu zuten lehen partidua, eta bihar Barakaldon jokatuko dute.

Derbia Preferentean

Preferente Mailan, liga hasteko, Kurutziagak eta Elorrioko Buskantza Bk derbia jokatuko dute domeka goizean. Horrez gainera, maila bat beherago, beste derbi bat dugu Mallabia Bastida eta Abadiñoko Gaztetxieren artean. Maila berean ligari ekingo diote Abadiñoko Lagun-ek eta Berrizko Presion Break taldeek ere.

Lurraldekako Bigarren Mailako ordezkariak ere lehiaketan murgilduko dira; Durangoko Gu Lagunak, Hasi Durango, Kurutziaga eta Mendibeltz, eta, Iurretako Dantxari. Azkenik, emakumezkoen ligan Durangoko Kulturalak kanpoan jokatuko du. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!