Durangaldera zabaldu dute

Anboto 2008ko ira. 5a, 09:49
Hirugarren edizio honetako berritasun nagusia, nabarmendu beharrekoa, aurtengo Dandaka Musika lehiaketan gure eskualdeko musikariak ere parte-hartzaile izan daitezkeela da.
Bergarako Aby-Kem taldeak irabazi zuen iaz Danbaka Musika Lehiaketaren bigarren edizioa. Disko bat grabatu eta Gaztelupeko Hotsak ekoiztetxearekin kaleratzeko aukera irabazi zuten Aby-Kem taldeko musikari bergararrek. Iazko ikusleen saria, berriz, Drakes taldeak irabazi zuen, eta, Jim TNT izan zen bakarlarien alorrean II. Danbaka lehiaketako aukeratua.



Hirugarren edizio honetako berritasun nagusia, nabarmendu beharrekoa, aurtengo Dandaka Musika lehiaketan gure eskualdeko musikariak ere parte-hartzaile izan daitezkeela da. Antolatzaileen berbetan, lehiaketa sortu zen Debagoiena eskualdearen muga naturaletara zabaltzea erabaki dute. Horrela, Debagoiena, Debabarrena eta Durangaldeko talde eta bakarlariek eman ahal izango dute, beraz, 2008ko Danbaka musika lehiaketan izena. Aurkezten diren taldeetako musikarietako bat, gutxienez, aipatu ditugun hiru eskualde horietako batean erroldatutakoa izan beharko da, eta, euskaraz kantatzea hobetsiko dute.

Irailaren 19rako
Entzuleek, gustukoen dituzten taldeei bultzada emateko, telefono mezuak bidali ahal izango dituzte. Elgetako Espaloia kafe antzokian ipiniko dituzten kaxa batzuetan botoa emanez hartu ahal izango dute parte entzuleek ere. Izan ere, epaimahaiak emango duenaz gainera, bi bide horien bitartez boto gehien jasotzen dituenarentzako ere izango da saririk.

Zuzeneko emanaldietan defendatu beharko dituzte euren kantak lehiaketara aurkezten diren taldeek, Elgetako Espaloia kafe antzokiko oholtzan. Lau taldek joko dute barikuro; bakoitzak 30 minutu izango ditu bere lana ahalik eta ondoen erakusteko. Kontzertuak urriaren 17an eta 31n, azaroaren 14an eta 28an, abenduaren 12an eta 19an izango dira, eta urtarrilaren 16an egingo dituzte finalera ailegatzea lortzen duten taldeek. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!