Ongietorri berriro elitera!

Anboto 2008ko ira. 4a, 14:30
Goi mailan jokatzen eta final garrantzitsuetan sartzen ari da pilotari berriztarra. Berak esan digu: "Inoiz baino hobeto nago".
Aurretik ere arrakastaren gozoa probatutakoa da Pablo Berasaluze; bere trebezia estelar handietan erakutsitakoa. Gokoeki lehiatzera ohitu ondoren, status hori galtzeak gogorra behar du, batez ere, sasoiko gaztearentzat. Azken urteetan buruari hamaika buelta emango zizkion.Hamaika eta bat ere bai. Norbere aukeretan sinistea da egoerari buelta emateko lehen urratsa, eta prozesu horretan hurrekoen laguntza berebizikoa da. Pablok ez du etsi eta, ingurua normaltzeaz batera, bere burua zentratu duenean gora egin du. Nola egin ere: elitera itzuli da eta Donostia Hiriko pilotazaleek erakutsi zioten estimu beragaz eman dio ongietorria pilotak.
Zurrunbiloaren erdian dago berriro. Azken aldian mogikorra sutan du; alde guztietatik deitzen diote. “Apur bat zoratuta nabil”, aitortu digu. Zorioneko zoramena. Aspaldi luzean frontoietan bazebilen zurrumurrua berriztarra joko bolada onean ote zebilela; enpresak gero eta erronka gogorragoak jarri eta honek distiraz erantzuten ei zuen. Telebistak zurrumurrua konfirmatu du, ebidentzia bihurtu.

Gasteizko Blancaren Torneoan, bizkarzain Barriola zuela, xehatu egin zituzten Olaizola I.a eta Beloki (22-4). Finalerdietan galdu egin zuten Titin III.a eta Pascualen aurka, baina berriztarrak goi mailako tiki-taka erabili zuen trizioarrarekin.

Enpresak beste aukera eder bat eman zion Donostia Hiria torneoan: Begino zuen atzelari.pablo.jpg Jotzaile beldurgarriaren eta errematatzaile finaren formularekin bete-betean asmatu zuten. Gonzalez eta Barriola 16an utzi zituzten, eta Irujo eta Laskurain 20an. Bietan erakustaldia eman zuen Berasaluzek (Beginok ere bai) eta pilotazaleek bere izena  oihukatuz agurtu zuten. Finalean Patxi Ruizen lesioak eman zien txapela, baina, badaezpada, inprobisatutako partidua ere irabazi egin zuten.

Sekula baino hobeto

Azkenengo urteetan, jokatutako partiduen erdiak irabazi ezinik zebilen denboraldiko. Aurtengoan, 32 irabazi eta 18 galdu ditu; hau da, partiduen %64 irabazi du. Horietako asko, berak aitortzen duen moduan, bigarren mailako partiduak izan dira, baina profesionaletan lehikortasuna handia da eta partidu haiek ere irabazi egin behar ziren. Profesionaletan daramatzan 12 urteetako sasoi punturik onenean ote dago? “Baietz esango neuke, inoizko jokorik onena daukadala. Sei bat kilo galduta fisikoki be sekula baino hobeto nago. Entrenamendu gogorrak, mendira asko…”.

Sarritan esaten da gaitzena ez dela gora iristea, han mantentzea baino, baina Berasaluzek ez du bertigorik: “Bertigo apur bat somatzea normala da, baina sasoi onean nago eta ez daukat beldurrik. Handiekin jokatzen segitzea da nire helburua”.

Burukominen garaiak urrun dirudi, baina ez da hainbeste denbora joan. Oraindik gogoan ditu dena bertan behera uzteko zorian izan zeneko uneak: “Askotan pentsatu neban ezingo nebala berriz aurreko mailara itzuli. Pilota iztea be pentsatu neban behin baino gehiagotan. Bi-hiru urte gogorrak izan dira”, gogoratzen du. Etapa zail horretan lagundu diotenak ere ez ditu ahazten: “Amak, arrebak, Bilboko familiak, nire lagun Joserrak… asko lagundu deuste garai gogorretan, eta animoak emon deustezen guztiei eskerak emon gura deutseedaz”.

Domekan Elorrion

Agendan dituen hurrengo hitzorduak benetan tentagarriak dira. Gaur bertan Lekeitioko Torneoko finala jokatuko du Gonzalez eta Barriolaren aurka, atzelari Begina duela. Irabaziz gero, udako bigarren torneoa irabaziko luke, berriro ere Beginorekin. Bihar, berriz, Sopuertako pilotalekuan kantxaratuko da Patxi Ruizekin batera, Bengoetxea VI.a eta Mendizabal menderatu asmoz.

Domekan, berriz, eskualdeko pilotazaleek bertatik bertara ikusi ahal izango dute Pablo Berasaluze. Peñagarikanorekin bikotea osatuta, Arretxe eta Zearra izango ditu kontrario Elorrion.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!