Hainbat kultur proposamen maiatzean, Mallabian

Anboto 2008ko mai. 15a, 11:20
Maiatzaren bukaerarako kirol eta kultur proposamenak izango dituzte adin guztietako mallabitarrek aukeran, antolatu duten Kultur Hamabostaldia aitzakiatzat hartuta.
Maiatzaren bukaerarako kirol eta kultur proposamenak izango dituzte adin guztietako mallabitarrek aukeran, antolatu duten Kultur Hamabostaldia aitzakiatzat hartuta.

Maiatzaren 18an, domeka eguerdian, izango da musikarekin gozatzeko lehenengo aukera eta gonbita: 12:30ean Probalekuan abiatuko dute programazio zabala: trikitilariak eta bertsolariak izango dira giroa berotzen Probalekuan. Egun berean baina arratsaldean, umeentzako ikuskizun batek hartuko du Pilotalekua: Ino, ino badator bonbardino ikuskizuna izango dute haur mallabitarrek aukeran. Orrai-ttio euskara elkarteak antolatutako ekitaldia da horixe.


Gu Ta Gutarrak

Maiatzaren 23an izango da Kultur Hamabostaldiko hitzordu berezia. Musika eta bertsoa uztartzen dituen Gu Ta Gutarrak ikuskizuna izango baita Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren eskutik.
Emanaldi horri ere herriko Pilotalekuan izango da, 22:30ean hasita. Orain urte eta erditik Euskal Herrian zehar euren musika eta berben ikuskizuna zabaltzen aritu ondoren, “datorren San Antonio egunean, ekainaren 13an, egingo dugu azkenengo saioa Durangoko Plateruenean”, azaldu dute bertsolari durangarrek. Beraz, maiatzaren 23ko Mallabiko emanaldia berezia izango da, urte eta erdiren ondoren taldearen agurraren hasiera izango delako, eta eskualdeko jende asko hurreratuko delako segurutik.

Maiatzeko azkenengo egunean, 31n, umeentzako tailerrak egingo dituzte Kultur Etxean,11:00etan hasi eta 13:00ak bitartean. Arratsaldean, 20:00etan, abesbatzen emanaldian, herriko Jasokunde Abesbatza izango da Andra Maria parrokian kantari.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!