Txapeldunen usaina hartzen

Anboto 2008ko mai. 9a, 14:59
Garaipen benetan garrantzitsua lortu zuten joan den asteburuan Mallabiko futbol taldeko jokalariek. Izan ere, datorren asteburuan Abadiñoko Gaztetxieren kontra berdinketa lortuta nahikoa izango baita ligako txapeldun izateko. Hala ere, irabaztera aterako dira mallabiko mutilak. Egindako denboraldi aparta ondo bukatu nahi dute eta txapela ahalik eta puntu gehienekin jantzi nahi dute.
Arestian aipatu bezala, zapatuko partida erraza izan zen mallabitarrentzat. Iurretako Dantxari taldea zuten arerio eta aurreko jardunaldian galdu ondoren, irabazteko grina biziz ziren mutilak. Lehen zatian oso sendo agertu ziren defentsan batez ere eta ez zieten iurretarrei aukera handiegirik eman. Zuloak ederki itxi zituzten eta erasoan ere ongi ibili ziren. Baloiaren mugimendu azkarra izan zen lehen zatiko golaren gakoa. Alde batetik bestera zelai osoan zabal jarrita jokatu zuten mallabitarrek eta azkenean Zorik egin zuen gola 1-0ekoa markagailuan jarriz. Lehen zatia horrelaxe amaitu zen eta mallabitarrak poz-pozik joan ziren aldageletara. Iurretarrek ez zuten awparteko ezer egin lehen zatian.
Bigarren zatiaren hastapenetan Dantxari indartsu bat ikusi ahal izan zen, berdinketaren bila gupidarik gabe zihoana. Erasoan tinko saiatu ziren iurretarrak baina berdinketa lortu ordez gol gehiago jaso zituzten. Izan ere, defentsa malguagoa egin zuten erasora jotzeko eta Mallabiak abagunea ederki aprobetxatu zuen. Hiru gol egin zituzten etxekoek partidua erabakita utziz. Josu, Ortzi eta Egurrola kapitaina izan ziren bigarren zatiko golegileak. Dantxarik etsi egin zuen orduan baina gutxien uste zuenean, hots, azken minutuetan gola egin zuten iurretarrek falta jaurtiketa batean.
Larunbatean izango da beraz Mallabiaren hurrengo zita. Elorrion jokatuko dute Abadiñoko Gaztetxieren aurka eguerdiko 14:45etan eta partidu biziki garrantzitsua izango da. Azkenaurreko partida izango da asteburukoa. Izan ere, azken jarduna etxean jokatuko dute mallabitarrek durangoko Kurutziaga Ikastola B taldearen aurka.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!