
Giro onean, 45 lagun inguru izan ziren afaltzen eta saioa ikusten 60 entzule. Ale politak bota zituzten bertsolariek, eta puntuazioetan islatzen denez, Lazkano eta Uruburu izan ziren erregulartasunik gehien erakutsi zutenak. Finalean entzungo ditugun bertsolariak nortzuk izango diren zehaztuko duen bigarren aurresaioa asteburu honetan egingo dute, apirilaren 25ean, eta Aurrekoetxea, Abasolo, Salaberria, Pinillos eta Amuriza arituko dira Durangaldeko Bertsolari Txapelketan ahalik eta paperik onena betetzen.
Domekan, frontoian
Apirilaren 27 honetan, Orraittio euskara elkarteak antolatutako bertsorako gonbita izango dute Mallabian. Frontoian, 18:00etatik aurrera, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Joxe Agirre, Anjel Mari Peñagarikano, Xabier Paya eta Andoni Egaña arituko dira, bigarren asteburuz jarraian Mallabian bertsoak eskaintzen.