Damiano Cunego garaile

Anboto 2008ko api. 16a, 12:21
Damiano Cunego Lampreko txirrindularia izan zen garaile joan den igandean Zornotzako Udaberri Sarian. Azken metroetan erabaki zen etapa, ordura arte beste lau txirrindularirekin aritu bait zen lehian.
Italiarra azken metroetan nagusitu zen joan den igandean Zornotzan egin zen Udaberri sarian.Bukaera biren arteko norgehiagoka izan zen, Alejandro Valverde eta Damiano Cunegorena, alegia. Bietako batek irabazi behar zuen eta horrek eman zion emozioa igandeko etapari. Azkenean italiarra nagusitu zen askoren gozamenerako baina Valverde animatu zutenak ere ez ziren gutxi izan.
Ibilbidea hasi bezain laster, ihesaldia egin zuten Igor Romerok, Ignacio Sarabiak, Normunds Lasisek eta Pedro Gutierrezek. 130 kilometrotan zehar lasterketaren erritmoa eraman zuten eta bot minutu t’erdiko aldea izatera ere heldu ziren baina ez zuten luzaro iraun. Tropelak harrapatu egin zituen helmugarako 40 kilometro falta zirenean. Jarraian baina,  beste ihesaldi bat hasi zuten Egoi Martinez, Alexander Kolobnev eta Kjell Carltromek. Hauek ere ez zuten zorte handiegirik izan eta pelotoiak harrapatu egin zituen. Autzagane eta Muniketaganeko azken itzulian erabaki zen Udaberri Saria. 13 kilometro falta zirela, Damiano Cunego Lampreko txirrindulariak eraso gogorra egin zuen eta Alejandro Valverdek besterik ezin izan zion erantzun. Beranduago baina, Mikel Astarlozak eta Kjell Callstromek iheslariekin bat egin zuten Zornotzako kaleetan baina ahalegindu ziren arren ezin izan zuten italiarra geldiarazi. Euskal Herriko itzuliko etapa irabazi berri zuen Lampreko txirrindulariak eta Klasika irabazita, pozik agertu zen komunikabideen aurrean.
Giro bikainean eman zuten goiza igandean Udaberri Saria ikustera hurreratu zirenek. Montecalvoko izkina guztiak jendez beteta egon ziren, denak ere ogitarteko eta guzti. Zornotzako kaleak ere jendez bete ziren igande goizean eta zaletuek indar handiz txalotu zituzten txirrindulariak goiz osoan. Helmuga Nafarroa kalera pasatzeak ez zuen inolako eragozpenik eragin, hura ere jendez bete baitzen eta komunikabideek nahi ainako lekua izan zuten irabazlearen berri emateko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!