Durangaldeko pilotariak ez dira lar ondo ibili EHko kluben txapelketan

Anboto 2008ko mar. 13a, 13:21

Durangaldeko pilotariek ez dute uste bezalako maila eman Euskal Herriko Kluben arteko txapelketan. Izan ere, hasierako aurreikuspenei begiratuta, egin beharrko balorazioa nahiko negatiboa da.

Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketako eskuzko modalotatean batez ere, ez dira batere fin ibili durangaldeko pilotariak. Zehazki esateko, txapel bat lortu da eskuz, Jon Beitiak eskuratua bera, 22-21 irabazi eutsen Elezkano ea Kantxori-eta. Berriztarrek ordea, aurrefinaletan irabazi eta gero, finala kontrolatuta zutela ematen zuen baina ez zen horrela izan. 22-8 galdu zuten Belate taldearen aurka aurreikuspen guztiak hankaz gora utzita.
Areeta, Mallabia, Munitibar eta Elgetan jokatu ziren EH Kluben artekoaren lehen finalak. Gazte mailako Gomazko Paleta ezik –berau Aiarako neskek irabazi dute Adurtzakoen aurkakoan- eskuzkoak izan dira guztiak. Areetan giro aparta bizi izan zen eta bertan bi partidu oso ezberdin ikusi ziren. Lehenengoa Lehen Mailako Binakako Txapelketa izan zen eta Galdakaoko bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten. Hementxe nagusitu ziren Jon Beitia elorriarra eta Ajuria. Izan ere, Beitiak galdakaoztarren taldean jokatzen du. Galtzaile ostera, Elezkano eta Kantxo izan ziren eta emaitza oso estua izan zen: 22-21. Jaialdiko azkena, Ohorezko Banakakoa, di-da batean eraman zuen Aurrera Saiaz-eko ordezkariak, hots, Unai Onsalo aresoarrak. Lemoako Aitor Erauzkin 22-7 hartu zuen mendean. Ezusteko handia izan zen, emaitza hau ere aurreikuspen guztien aurka bait zioan. Munitibarren, kadete mailako finalak jokatu ziren, Zugarralde (Tainta) nagusitu zen Txapagain-en (Arratibel) kontrakoan banaka. Binaka, ostera, Erniope txapeldun izan zen txapeldun. Mallabian bestalde, Gazte mailako Binakakoa eta Lehen mailako Banakakoa jokatu ziren asteburuan eta nafarrak izan ziren txapeldun. Gazte mailan, arestian aipatu legez, ezusteko handia eman zuten Oizpe taldeko Perosanzek eta Alberdik. Aurrefinaletan Irurtzundarrak kanpoan aise utzi eta gero, Belate taldeko Ezkurdia eta Bergerak 22 tantu erraz egin zizkieten. Azken emaitza 22-8koa izan zen. Ezinean aritu ziren berriztarrak eta ez zuten batere itxura ona eman. Elgetan beste partidu bi jokatu ziren, biak ere partidu lehiatu eta estuak. 22 urtez azpiko txapelak Baztan eta Azpeitira joan ziren.
Orokorrean eskuz aurreikuspen onak ziren baina ez ziren bete. Oraindik hala ere, Amantegi eta Lopezek Ibaizabal eta Eguskizaren aurka jokatu beharko dute eta datorren martxoaren 21ean izango da partida. Amantegi eta Lopezek Eguskiza eta Ibaizabalen aurka ikusi beharko da zer egingo daben martxoaren 21ean jokatuko dabe eta.
Erramintan bestetik, emaitzak hobeak izan dira. Sopelako klubak larruz eta palaz txapelak lortu zituen lehen mailan eta palan bakarrik bost txapel lortu ditu sopelako elkarteak. Zesta puntalarien ohorezko mailan bestalde, Berriatuak txapela irabazi zuen eta lehen mailan markinarrak izan ziren nagusi.
Emaitzak emaitza, aurrera begiratzen jarraitu beharko dute durangaldeko pilotariek. Gravn federazioen arteko txapelketa hasiko da asteburu honetan eta inguruko pilotariek parte hartuko dute. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Errioxako federazioak izango dira partehartzaileak eta asteburu honetan Bizkaiak Gipuzkoaren aurka jokatuko du eta Arabak Nafarroaren aurka.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!