Zabala berriztarra Mallabiako frontoiko izar

Anboto 2008ko mar. 7a, 12:02

Joan den asteko ostegunean hasi zen Mallabiko “Biharko Izarrak” afizionatu mailako lehiaketa. Patr hartzaileak ez dira profesionalak baina izateko bidean dira eta hori erakutsiko dute ostegunero Mallabiko frontoi berrian. Kalitatezko pilotariak direla eta goi mailakoekin ere jokatzeko gai izango liratekeela erakutsi nahi dute lehiaketa honetan arituko diren gazteek.

“Biharko Izarrak” joan den asteko ostegunean hasi zen eta ikuskizun bikaina eman zuten. Zabala atzelari berriztarra izan zen onena lehiaketa honen bostgarren edizio honetan. Renobalesekin batera lehiatu zen gaztea eta Urtasun eta Aldape baino honeto ibili ziren. Urtasunek baina, tantu benetan politak egin zituen. Hala ere, ez ziren nahikoa izan eta 22-13 galdu zuten. Mariñelarena lesionatuaren ordez jokatu zuen Aldapek.
Markagailuan Urtasun eta Aldape aurreratu ziren lehenengo minutuetan 3-6ko markagailua ere jarri zuten, baina Zabalak erraz asko hartu zituen mendean biak ere.
Bigarren partidari dagokionean Ollok eta Arraztoak Iraola eta Lopetegiren aurka jokatu zuten.Lehenak faboritoak ziren baina uste baino arazo gehiago izan zituzten Iraola eta Lopetegi mendean hartzeko. 22-19koa izan zen azkenengo emaitza. Partidu lehiatua izan zen eta ongi jokatu zuten laurek ere.
Hurrengo egunean Urrutikoetxea eta Larrinaga Larrañaga eta Otxotorenaren aurka lehiatu ziren eta lehenengoek irabazi zuten 22-21. Oso berdinduta egon zen partida, baina Larrinaga eta Urrutikoetxea izan ziren 22ra heldu ziren lehenak. Bigarren partidan Elurbek eta Lopezek Lazkoz eta Senperenaren kontra jokatu zuten. Norgehiagoka aurrekoa baino aspergarriagoa izan zen Elurbek eta Lopezek ez bait zuten arazo handiegirik izan Lazkoz eta Senperena mendean hartzeko. Nagusitasuna erakutsi zuten eta markagailuak argi isladatu zuen hori; 22-13 Elurbe eta Lopezen alde.
Lehiaketak aurrera darrai eta Mallabiko frontoiak ez du atseden hartzeko astirik. Izan ere, atzo gaueko 21:30etan beste partidu bi jokatu ziren.
Mallabiko frontoi berriak pilotazale ugari bildu zituen eta pilotariek gainera behar bezala erantzun zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!