“Sexuari buruzko eszenak diren eran deskribatzen ditut”

Anboto 2008ko urt. 11a, 11:10

Bederatzi narrazino sexua argi aipatzen dabenak, eta aurretik olerki bana. Literatura erotikoa izateko nahiko ondo (170 ale) saldu zen Rafa Ugalderen (Zornotza, 1961) Relax abenduko Durangoko Azokan. Neska gazteak izan ei ziren Azokan liburuaren erosle-begirale gehienak. Hamaika bizimodu eta Gure gerretako heroiak eta gero, ipuin erotikoak kaleratu ditu.

Bederatzi narrazino sexua argi aipatzen dabenak, eta aurretik olerki bana. Literatura erotikoa izateko nahiko ondo (170 ale) saldu zen Rafa Ugalderen (Zornotza, 1961) Relax abenduko Durangoko Azokan. Neska gazteak izan ei ziren Azokan liburuaren erosle-begirale gehienak. Hamaika bizimodu eta Gure gerretako heroiak eta gero, ipuin erotikoak kaleratu ditu.



Zer aurkitu leike irakurleak liburu honetan?

Sexu arlora hurbiltzea euskaraz.  Daukagun sexu jarduera guztia erdaraz da, bai sexu jarduera fisikoa bai berba egiten doguna.  Emoten dau sexua –betidaniko kontua– euskaraz barria dela.

Eta egoera horren kontzientzia hartuta idatzi dozu liburua?
Bai, horren kontziente betidanik izan naz: nire belaunaldiarendako sexu jarduera erdaraz izan da.

Zelan ekin zeuntsan literatura erotikoari?

Lehenengoz literatura erotikoa idatzi neban Basauriko Euskarabila Elkarteak antolatutako Ipuin Erotikoen lehiaketa bitxia iruditu jatalako. Bitxia egin jatan euskaraz halako lehiaketa bat izatea. Esan neban: “Saiatuko naz narrazio erotiko bat idazten”. Bigarrenez aurkeztu nintzenean irabazi egin neban. Gustura sentitu naz, niretzako be ikastea izan delako eta gehiago idaztera bultzatu nauelako. Bildumatxoa osatu dodanean, Txalaparta argitaletxeagaz kaleratu dot.

Liburua idazteko prozesu hori zelakoa izan da?
Normalean narrazino liburu baterako urteak hartzen ditut; ez da jarraian egiten dodan gauza. Uste dot orain dela bost bat urte edo hasi nintzela narrazinook idazten. Urtean kontakizun bat edo bi, tarteka idatzi ditut.

Ideiak nondik etortzen jatzuz?
Kontakizun guztiek daukie oinarri erreal bat: edo niri zeozer gertatu jat, edo nire ezagunen bati, edo entzun egin dot. Basauriko lehiaketa irabazi eban ipuinak, adibidez, telebistako programa batean prostituto bati egin eutsien elkarrizketa zeukan abiapuntu: alargundu zenetik sexu harremanik izan bako emakumeagaz izandako harremana kontatu eban. Mutilak esaten eban bere lana emakume hari konfidantza emotea izan zela lehenengo, lasaitu eta kafe bat hartzea gero, eta narrutan egitea azkenik. Andrazko haren beldurrak,  harreman sexualik barik egon zen tarte horretan bere sexuarekin zelan jokatu eban eta abar irudikatzen hasi nintzen.

Sexuaren inguruan sortzen dena be islatzen dozu liburuan…
Sexuari buruzko eszenak  benetan diren moduan kontatzen dira, eta besterik ez dago. Pertsonen bizitzako parte bat argi eta garbi deskribatzea da, eta horrek ez dauka pornografiagaz zerikusirik.

Horri buruz berba egitea gatx egiten bajaku, idaztea…
Idaztea norberak bakarrik dagoela egiten dau;  hau da, nik intimitatea daukat idazteko. Ezin naz lotsatu pertsona bat aurrean daukadalako, eta berba egitean hori gertatu litxakit. Gatxa sentimenduak adieraztea da, eta horreek adieraztean zehatza izatea be bai. Bestela, bakarrik nagoenez, ez naz nire buruaz lotsatzen.

Nobelarako asmorik?
Badaukat bat idatzita, baina apur bat borobiltzea falta jat. Nobela laburra da. Gauza bat da idaztea, gero neuk irakurri behar dot eta konbentzituta egon, eta gero argitaletxeetara bidali.

Lehenengo liburua 42 urtegaz argitaratu zendun. Idazten lehenago hasiko zinen baina?
Ez pentsatu, ni nahiko “golfantea” izan naz. Lehenengo narrazinoa 40  urtegaz idatzi neban. Beti Udal Euskaltegian egin izan dot lan, eta eszedentzia hartuta Zornotzako Barnetegian aritu izan naz 10 urtez. Bertara heldu zen Bilbon antolatzen daben Gabriel Aresti lehiaketaren barri, eta Amorruak hil du idatziagatik akzesita jaso neban. Horrek animatu ninduen gehiago idaztera.

40 urte egin arte errealitatea behatzen aritu zara, orduan?
Errealitate asko hartzen dogu danok,  eta gauza batzuei ez deutsegu garrantziarik emoten sasoi batean, eta beste sasoi batean hasten gara orduko gauza batzuei garrantzia handiagoa emoten.  Ni 35 urtera arte juergan ibili naz. Orain, beste gauza batzuk apresiatzen ditut gehiago, lehen friboloagoa nintzen.

Argitaratzea asko pentsatu dozu?
Bai. Inguruko  jenteagaz lotsa apur bat  emoten dau, normalean erakusten ez dodan  alderdi bat erakusten dodalako.  ‘Sex-simbol!’ eta holakoak be esaten deustaz jenteak kaletik...
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!