Antzerki erakustaldia asteburuan: Scna

Anboto 2007ko aza. 29a, 17:08

Asteburu honetan, barikuan hasi eta domekara bitartean izango da 5 antzezlan eskualdera ekarriko dituen Scna jaialdia. Julio Perugorria proiektuaren bultzatzaileak eta Abadiño eta Durangoko kultura arduradunek egin digute asteon jaialdiaren aurkezpena.

Asteburu honetan, barikuan hasi eta domekara bitartean izango da 5 antzezlan eskualdera ekarriko dituen Scna jaialdia. Julio Perugorria proiektuaren bultzatzaileak eta Abadiño eta Durangoko kultura arduradunek egin digute asteon jaialdiaren aurkezpena. Proiektu berri horretan, baina, Durangon eta Abadiñon ez ezik, Zornotzan eta Elorrion ere izango dira emanaldiak.

Funtsean, azaroaren 30etik abenduaren 2ra bitartean, eskualdeko lau herriotako aretoetan Euskadiko eta Espainiar Estatuko kultur programatzaileak hartuko dituzte. Egunotan, eta Scna jaialdiko antolatzaileen berbetan, antzerki munduko programatzaileak, sortzaileak, eta ikusleak batuko dira eskualdeko aretoetan. Euskadiko eta estatuko antzerkiko profesionalen arteko harremana ahalbidetzeko helburuagaz lan egin dute.

Ikusle eta programatzaileek asteburu honetako Scna jaialdian aukeran izango direnak “oso kalitate handiko lanak” direla esan digute. Ikuskizun bakoitza ikustera 40 programatzaile -edo antzezlan ikuskatzaile- etorriko dira, eta asteburua eskualdean igaroko dute denek. Asteburuko bazkari eta afarietan, antzerkiaren sortzaile, banatzaile eta programatzaileek “bakoitzak egindakoari buruzko iritziak konpartituko dituzte”.

Ikusleei gonbita
Jendeak denerik ikusi ahal izateko, antzezleku publiko batek denerik eman behar duela uste dutelako ekarri dituzte bost antzezlanok eskualdera. Antzerki eskaintza hori ikusleak, konpainiak, programatzaileak, denak asetzeko gai izango da. Pribilegioa dela azaldu dute, eskualdean, asteburuan, Scna bezalako jaialdi bat izatea. Denok gonbidatuta, beraz, emanaldietara.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!