Garaipenak, itzulera itxaropentsua eta zorigaiztoko lesioa

Anboto 2007ko uzt. 24a, 11:47

Asteburuan Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zen Gasteizko Mendizorrotzako pistan. Bidezabalgo atletek domina bat baino gehiago eskuratu zuten. Javier Villalosbosek, esaterako, lesio konplikatu batetik errekuperatu berritan parte hartu zuen altura jauzian eta irabazi egin zuen. Geraxane Ussia kontrara, zuntz haustura baten ondorioz, erretiratu beharrean aurkitu zen.

Asteburuan Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zen Gasteizko Mendizorrotzako pistan. Bidezabalgo atletek domina bat baino gehiago eskuratu zuten. Javier Villalosbosek, esaterako, lesio konplikatu batetik errekuperatu berritan parte hartu zuen altura jauzian eta irabazi egin zuen. Geraxane Ussiak kontrara, zuntz haustura baten ondorioz, erretiratu beharrean aurkitu zen.

Zorteak bizkarra eman zion Ussiari. 100 metroetako finalaurrekoa korritzen ari zela izterraren atzealdean uzkurdura bat sentitu zuen eta, minaren ondorioz, ezin izan zuen finalean parte hartu. Zuntz hausturak faborito argia zen 400 metroetako proban parte hartzea ere eragotzi zion. Hori gutxi balitz, abuztuan Anoetan jokatuko den Espainiako Txapelketarako bere parte hartzea kolokan dago.

Javer Villalobos ermuarrak, aldiz, asteburu borobila izan zuen. Lesio luze eta gogaikarri baten ondoren, sasoiko itzuli da pistetara, eta altura jauzian irabazi egin zuen, 2,10 metroko markarekin. Ez da, ezta gutxiago ere, bere markarik onena eta Anoetan podiumera igo nahi badu 2,18ko jauzia behar du, gutxienez. Pista estalian 2,15eko markarekin irabazi zuen urrea, baina modalitate horretako mailak gora egin du aspaldian. Hala ere, Villalobos kapaz da dominen mailara iristeko.

Anoetan podiuma zapaltzeko aukera handiak dituen Bidezabalgo beste atleta bat Orkatz Beitia da. Mendizorrotzan irabazle izan zen 100 metroetan, Espainiako denboraldiko bigarren denborarik onenarekin (10:44).

Bestalde, Kristina Petitek erakustaldiak eman zituen 1.500 eta 5.000 metrotako probetan. Scorpio-Mondo taldeko atleta abadiñarrak 4.36.23ko denbora erabili zuen 1.500 metroak osatzeko, bigarrenak baino ia 10 segundo gutxiago. Hain zuzen, bigarren eta hirugarren Bidezabalgo atleta bi geratu ziren: Belit Solar eta Eider Delas, hurrenez hurren. 5.000 metroetan are nagusigo garbiagoa erakutsi zuen Petitek; 17.18.62an osatu zuen ibilbidea, bigarrena 33 segundora sartzen zela. Azkenik, Javier Garciak eta Alexandra Gonzalezek ere irabazi egin zuten 3.000 metro oztopoetan.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!