Tentsioz eta emozioz betetako partidak jokoan gaur Tornosolon

Anboto 2007ko uzt. 13a, 14:22

Gaur eta etzi Trinketeko Eskuz Binakako Elite Txapelketako finalak erabakiko dira. Joan zen astean galdutako bikoteek hil ala biziko partidak dituzte gaur; ez dute huts egiteko modurik: galduz gero kanporatuta geratuko dira. Irabazleek, aldiz, Unai Martin eta Oier Elorriagak A multzoan, eta, Lier Gandiagak eta Andoni Aldapek B multzoan, domekan jokatuko dituzte bigarren partidak, txapelketan gaur estreinatzen diren bikoteen aurka.

Gaur eta etzi Trinketeko Eskuz Binakako Elite Txapelketako finalak erabakiko dira. Joan zen astean galdutako bikoteek hil ala biziko partidak dituzte gaur; ez dute huts egiteko modurik: galduz gero kanporatuta geratuko dira. Irabazleek, aldiz, Unai Martin eta Oier Elorriagak A multzoan, eta, Lier Gandiagak eta Andoni Aldapek B multzoan, domekan jokatuko dituzte bigarren partidak, txapelketan gaur estreinatzen diren bikoteen aurka.

Oso jardunaldi interesgarria da, beraz, gaurkoa. Iker Etxebarriak eta Jon Uriartek -joan zen asteko galtzaileek- Enrike Huizi eta Aritz Zabalza izango dituzte parez pare. Lehenengoak derrigor irabazi behar dute, finalerako aukerekin jarraitu nahi badute. Huizi eta Zabalzak ez dute hainbesteko presiorik, baina badakite galduz gero, aurkariek gaur duten estuasun berdinean aurkituko liratekeela beraiek domekan. Beraz, batzuk larriago egonagatik, bi bikoteek dute ikaragarri jokoan.

Beste hainbeste esan daiteke gaurko bigarren partidari buruz. Asier Monreal eta Ander Martinek ezinbesteko dute garaipena; Unai Alvarez eta Migeltxo Lopez de Egilazek, berriz, etxeko lanak lehenbailehen egin nahi dituzte. Gaurko partidak 19:00etan hasiko dira Abadiñoko Tornosolo Trinketean.

Domekan partida bi

Domekako hirugarren eta azken jardunaldian izango den tentsio maila gaurko emaitzen baitan dago. Huizi-Zabalzak eta Alvarez-Migeltxok beren partidak irabaziz gero, finala erabakita geratuko da. Ondorioz, domekako partidak batak bestearen sasoi puntua neurtzeko izango dira baliagarriak. Kontrako emaitzak ematen badira, aldiz, sei bikoteek izango dute aurrera egiteko aukera, eta emozioak gainezka egin dezake kantxan zein harmailetan. Finalak hilaren 20, 11:00etatik aurrera jokatuko dira, Tornosolo trinketean.

Berriz frontoi luzean

Trinketekoaz gainera, eskualdean beste hitzordu garrantzitsu bat dugu gaur. 19:30etik aurrera Berrizek Euskal Herriko Kluben Arteko finalerdien joanekoak jokatuko ditu etxean, Arrasateren aurka. Bueltakoak datorren barikuan jokatuko dira, 19:30ean, Arrasaten.

Txapelketa hori Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako Herri Artekoen irabazleek jokatuko dute. Bigarren finalerdia Maeztu eta Leitzaren artekoa izango da.

Berrizek ohiko bikoteak kantxaratuko ditu kadeteetan (Mikel Loidi eta Gotzon Urkijo) eta nagusietan (Mikel Gonzalez eta Ibai Zabala). Gazteetan, berriz, Axular Etxanizek EnekoPerosanzen lekua beteko du atzean. Perosanzek zainturatua du orkatilan. Beraz, gazteetako bikotea aurrelari bik osatuko dute: Aitor Alberdik eta Axular Etxanizek; azken honek jokatuko du atzean. Finalak Arrasateko Uharkapen jokatuko dira, hilaren 28an.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!