Pilotak ez dira aitzakia izango Bizkaiko Herri Arteko finalean

Anboto 2007ko eka. 28a, 14:16

Martitzenean Bizkaiko Herri Arteko Txapelketako finalerako pilotak bereizi zituzten Berrizek eta Gernikak. Gureak gustura geratu ziren materialarekin: “Nahi genuena aurkitu genuen. Alde horretatik, ez dugu aitzakiarik”, dio Mikel Gonzalez Berrizko pilota eskolako entrenatzaileak.

Martitzenean Bizkaiko Herri Arteko Txapelketako finalerako pilotak bereizi zituzten Berrizek eta Gernikak. Gureak gustura geratu ziren materialarekin: “Nahi genuena aurkitu genuen. Alde horretatik, ez dugu aitzakiarik”, dio Mikel Gonzalez Berrizko pilota eskolako entrenatzaileak.

Berrizek saskiko pilota bizienak aukeratu ditu hiru mailetan, eta Gernikak, aldiz, baxuagoak: “Pilota motelak gastatu eta ezerezean geratzen dira, ikuskizuna zatartuz. Hala ere, saskian denen gustuko pilotak izatea ondo ikusten dut”. Izan ere, Gernikarren pilotak motelagoak dira, baina “ez motelegiak, normalak dira”.

Pilota bizien aldeko hautua ez da ikuskizunaren mesedetan bakarrik; horixe komeni zaielako ere bada: “Kadeteetan, pilotari biak, trebeak baino jotzaileak dira, eta hori aprobetxatu nahi dugu. Gazteetan eta nagusietan ere piloteoan nagusitu gaitezkeela uste dugu”.

Gernikak Elorrio kanporatu zuen finalerdietan. Beraz, elorriarrek aholku gomendagarriak eman dizkiete berriztarrei: “Kadete indartsuak dituztela, baina irabazteko aukerak baditugula diote.Gazteetan, nire ustez, puntu bat gorago gaude. Nagusietan, berriz, bi bikoteok elkar ezagutzen dugu eta badakigu partida gogorra izan daitekeela. Ez dira kolpe handikoak, baina bai oso pilotariak”.

Finalak Sestaon jokatuko da, zapatuan, 10:30ean hasita. Berriztarren partetik, kadeteetan, Mikel Loidi eta Gotzon Urkijok jokatuko dute; gazteetan, Aitor Alberdi eta Eneko Perosanzek, eta nagusietan Mikel Gonzalez eta Ibai Zabalak. Pilotalekua bera “noblea da, ondo zainduta dago eta pilotak ez du bote arrarorik egiten”, dino Gonzalezek.

Finaletan garrantzitsuena partidan “lehenbailehen” sartzea ei da, “jokaldi arraro eta zailak baztertuz. Bestela, txarto irten eta konfidantza galdu daiteke. Gero ere izango da arriskatzeko modua”. Irabazi zein galdu, 15:30ean, Ganeketxen bazkaria egingo  dute. Izan ere, finalera iritsi izanak badu ospatzeko adina meritu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!