Hezurrik gogorrenak dituzte parean Elorrio eta Berrizek

Anboto 2007ko eka. 8a, 12:19

Elorrio eta Berriz Bizkaiko XXXVIII. Herri Arteko Torneoko finalerdietan daude. Harrobi oparoa izan ohi duten herriak izaki, espero zitekeen finaleko ateetara iristea. Hala ere, izenak ez dakar garaipenik; kantxan erakutsi behar da nor den nor, eta Elorrio eta Berrizek halaxe egin dute. 2005eko eskualdekoen arteko finala errepikatzeko koska bana falta zaie: Gernika eta Zaratamo. Koskarik aldapatsuenak dira, ordea, mami haragitsuaren barruko hezur gogorrak.

Argazkia: Judit FernandezElorriok joanekoak etxean jokatuko ditu Gernikaren aurka; gaur, 20:00etan. Final laurdenetan eskualdekoak indartsuago azaldu dira, baina gernikarrekin sekula ezin daiteke fidatu. Elorriarrek, Ortuellari joaneko hiru partidak irabazita, bueltakoan lehia bakarra irabaztea nahikoa zuten. Kanporaketa kadeteetako lehen partidan bertan erabakita uzteko zorian izan ziren, baina 22-21 galdu zuten. Gazteek ez zuten hutsik egin; di-da batean atera zuten aurrera partida (9-22). Nagusiek batere presiorik gabe 15-22 irabazi zuten.

Gernikarrek, aldiz, gorriak ikusi dituzte Markina kanporatzeko. Herri bakoitzak hiruna partida irabazi eta galdu zituen, eta tanto-kopuruan Gernika tanto bakarreko aldeagatik (112-111) sailkatu zen. Elorriok Igorre eta Ortuella azpiratu ditu orain arte.

Berrizek ere etxean jokatuko ditu joanekoak, Zaratamoren aurka; gaur, 19:30ean. Elorrioren antzeko ibilbidea izan dute final-laurdenetan. Joanekoan hirurak irabazita, Lemoan garaipen bakarra behar zuten. Kadeteetan ozta-ozta galdutakoa (22-19), gazteek aidean irauli zuten (4-22). Nagusiek arratsaldea borobildu zuten (20-22). Berrizek Berango, Lezama eta Lemoa kanporatu ditu finalerdietarako bidean.

Zaratamok etxean zuzendu zuen kanpoan okertutakoa. Sestaon partida bakarra irabazi zuen eta, etxean aldiz, hiruretan nagusitu zen. Azken batean, lau onenak iritsi dira finalerdietara.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!