Poztasun betea ez, baina ia-ia

Anboto 2007ko mai. 24a, 13:53

Pozik egoteko moduan gaude. Futbolean eta areto-futbolean jardunaldi erabakigarriak jokatu ziren asteburuan, eta gure taldeei –Sasikoari salbu– bikain joan zitzaien. Iurretakok etxean eta xanpainarekin ospatu zuen Lehen Erregional Mailarako igoera. Abadiñoko Lagunek ere bide bera egingo du, baina areto-fubtolean. Elorrioko Buskantzak, zortea lagun, Nazional B Mailari eutsi dio. Sasikoa Bk, azkenik, poztasun betea eragotzi digu: eskuan zuten igoerak ihes egin die.

Pozik egoteko moduan gaude. Futbolean eta areto-futbolean jardunaldi erabakigarriak jokatu ziren asteburuan, eta gure taldeei –Sasikoari salbu– bikain joan zitzaien.  Iurretakok etxean eta xanpainarekin ospatu zuen Lehen Erregional Mailarako igoera. Abadiñoko Lagunek ere bide bera egingo du, baina areto-fubtolean. Elorrioko Buskantzak, zortea lagun, Nazional B Mailari eutsi dio. Sasikoa Bk, azkenik, poztasun betea eragotzi digu: eskuan zuten igoerak ihes egin die.

Iurretakok zaleen aurrean ospatu zuen igoera Loiu B menderatuta (4-0). Jon Gurutz VazquezenArgazkia: Iban Gorriti mutilak motibazio ikaragarriarekin zelairatu ziren eta arerioa jan egin zuten. Lehen zatian Anderrek eta bigarrenenean Oierrek bina gol sartu zituzten, Larrako Zelain batutakoen gozamenerako. Epaileak azken txistua jo bezain laster, festa zelaian bertan lehertu zen: jauziak, besarkadak, garrasiak, algarak… eta, nola ez, xanpaina. Ondoren, kamioi batera igo (infantilen taldearekin batera) eta herriari itzulia eman zioten, jaia Iurreta osora zabalduz. “Kristolako poza hartu genuen eta jaia be halakoxea izan zen”, onartu du Rafa Zugaza Artaza lehendakariak.

Iurretakoren datuak bikainak dira: denboraldi osoan bi partida bakarrik galdu ditu; 58 gol sartu eta 18 besterik ez ditu jaso. Erregulartasunaren eta sendotasunaren saria izan da igoera. Orain lau urte lortu zuen igotzea azkenengoz.

Igoeraren zapore gozoa dastatzen ari diren beste batzuk Abadiñoko Lagun taldekoak dira. Iurretakoren antzera, arerioa gupidarik gabe jipoitu zuten (1-10 Lagun Onak-en aurka) eta “partida bera jaia izan zen norgehiagoka baino gehiago”, Gorka Moreno jokalariak aitortu duenez. Hasierako urduritasunak lehenengo gola sartzearekin batera desagertu ziren. Partida bukaeran “zoramena” nagusitu zen galdakoztarren kantxan. Haraino joandako zale ugariek gogotsu ospatu zuten lorpena, jokalariekin batera. Partida osoan zehar entzun ziren dunbalak eta animo oihuak pertadoen suzko traka itzelarekin uztartu ziren.
 
Elorrio eta Sasikoa

Elorrioko Buskantzak santu guztiak alde izan zituen. Salbatzeko modu bakarra hauxe zen: beraien partida irabaztea, Beti Arinek huts egitea, eta Nazional A Mailan, Soloartek C. Saenz menderatzea. Emaitza horiek guztiak eman ziren. Elorriarrek 8-1 garaitu zuten Ioar; Beti Arinek 7-6 galdu zuen Aldatz Goraren kontra, eta, Soloartek 6-3 azpiratu zituen arabarrak. “Jokalari gazte ugari izan dugu aurten. Esperientzia ezak eta lesioek zuloan sufritzera eraman gaituzte”, dio Mikel Sagastizabal jokalariak. Sufrimenduak amaiera ona izan du, bederen. Datorren denboraldian Sasikoa eta Elorrioko Buskantzaren arteko derbia izango dugu Nazional B Mailan.
 
Sasikoa B izan da hainbeste pozen kontrapuntua. Dena alde zutela, 6-9 galdun zuten etxean Zuentzat taldearen aurka, eta Kukuyagak, aldiz, ez zuen hutsik egin. Partida osoan zehar atzetik joan ziren. Bosna berdindu ondoren, atezain-jokalaria atera zuten eta aukera franko izan arren, baloiak ez zuen sartu nahi izan. Gainera, Zuentzatek Kukuyagak primatuta jokatu zuten; afari bat eta dirua. “Bazirudien beraiek zirela igoera jokatzen ari zirenak. Gol bakoitza Liga irabazi balute legez ospatzen zuten. Egia esan, gehiegizkoa iruditu zitzaigun”, dio Fran Martin jokalariak.






ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!