Jai giroan sartu da Korrika eskualdean

Anboto 2007ko mar. 26a, 09:36

Domekan Elorriotik sartu zen Korrika Durangaldean, eta ordu erdi inguruko atzerapenarekin zeharkatu zituen herriak. Ez da izango baina eskualdean izango dugun aldi bakarra, izan ere martitzenean Zornotza eta Otxandion izango da Korrika.

Domekan Elorriotik sartu zen Korrika Durangaldean, eta ordu erdi inguruko atzerapenarekin zeharkatu zituen herriak. Ez da izango baina eskualdean izango dugun aldi bakarra, izan ere martitzenean Zornotza eta Otxandion izango da Korrika.



Umeak, helduak eta baita adinean aurreran doazenak batu ziren domeka goizean Korrikarekin bategiteko eskualdean. Bakoitzak bere neurrian; batzuek kilometroak egin zituzten aineketan, beste batzuek aldamenetik animoak ematen zituzten, eta denek euskararekiko konpromezua agertu zuten. Jairako egun polita izan zen eskualdeko herrietan domekakoa.

Ordu bete gutxiago lo eginda egon arren, Durangaldeko korrikalariek oso ondo erantzun zuten. Elorrion hasi eta Durangon amaitu duenik ere izan zen. Atxondon tarte laburra izan bazuten ere, zazpi taldek eraman zuten testigua. Durangon, jendetza handia batu zen, eta lekuko eramaileen artean, Ahaztuak taldea aipatu behar da. Testigua alde zaharrera eraman zuen, datorren zapatuan 70 urte beteko dituen bonbardaketak gehien astindu zuen lekura. Durangon datorren asteburuan hainbat ekitaldi egongo dira urtemuga horren harira.

Hainbat emakumeri euskararen alde egindako lana eskertu zitzaien Durangaldean. Horietako bat da Nieves Aranoa, AEK-ko irakaslea sorreratik. Aurten, lehenengo aldiz eraman zuen lekukoa. Durangoko Kurutziaga ikastolan hasieratik dabiltzan Mila eta Lurdesek ere euskararen lekukoa eraman zuten domekan.

Iurretan, enpresek erosi ohi dituzte kilometroak, eta aurten oso tarte handian pasatu ez denez, arineketan eurek egin ordez, kilometroak herrian banatzea erabaki zuten. Korrika batzordeak emakumeei eman nahi izan zien korrika egiteko aukera, eta tarte batean hala egin zuten. Kandida Zamalloa 92 urteko emakumeak eraman zuen lekukoa, baita Maritxu Ugartek ere. Maritxu Ugarte AEK-ko irakaslea izandakoa da, eta Iurretan Korrika antolatzen hainbat urte eman ditu: bigarren edo hirugarren ediziotik hamaikagarrenera arte.

Korrikaren webgunea

Asteburuan zehar Korrikaren webgunea (www.korrika.org) itxita egon da. AEK-k bere orrian azaldu duenez, bariku goizean, Korrikaren bigarren egunarekin batera, Korrikaren gunean egon zen sarrera piloaren ondorioz, web orria bertan behera geratu zen. Arazoa astelehenean konpontzea espero dute.

"Sentimendu ezberdinak eragin dizkigu AEK-ko kideoi kontu honek. Alde batetik, amorrua ematen digu orri hori martxan ez egoteak, baina, beste alde batetik, zergatik gertatu den gogoratuta, sekulako poza sentitzen dugu!".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!