Iaz, denboraldi borobila osatu zuen taldeak; bai errepidean eta bai bulegoetan. Guztira, 25 lasterketa irabazi zituzten, eta bost txirrindularik (Egoitz Murgoitio, Asier Fernandez eta David Martin eskaldunak tartean), profesionaletarako saltoa ematea lortu zuten. Marka hori berdintzeak ametsa dirudi, baina, apalago ibilita ere, “talde oso ona eta lehiakorra osatzea lortu dugu, iazkora hurbiltzeko aukerak badituena”, Jon Zengotitabengoaren esanetan.
Aurtengo erronka nagusiak urterokoak dira, gutxi gorabehera: Bira, Espainiako Kopa… Iaz, Bizkaiko Bira David Martinek irabazi zuen, aurten Orbea taldearekin ariko den txirrindulari gazteak. Bigarren urtez jarraian elastiko horia Cafés Baquérenaren gainetik janztea zaila izango da, baina taldean bada horretarako ahala izan dezakeenik. Palmaresa gidari hartuta, lau izen nabarmendu daitezke: Ismael Esteban karrantzarra (bost etapa eta Tenerifeko itzulia irabazi zituen), Daniel Gonzalez kataluniarra (zazpi etapetan nagusitu zen), Roberto Olmedo valladolidarra (hiru etapa, mendiko sailkapen bi eta Gaztela-Leongo Txapelketa irabazi zituen) eta Hernan Ponce (Kantabriako Koparen jabea, besteak beste). Eskualdeko txirrindularien helburu nagusiak lasterketak amaitzea eta esperientzia hartzea izango dira.
