
Zaldibarren bost partida jokatu ziren. Benjaminetan, Markinak egurtu egin zuen Iurreta (18-2), arratsaldeko norgehiagokarik eskasenean. Kimuetan, Iurretako bikotea izan zen partida aurrera aise atera zuena(18-9), Zaldibar kanporatuz. Gainontzeko hiru lehiak gogorrak izan ziren, eta bat azpimarratzekotan, haurren mailakoa azpimarratu beharko genuke. Lekeitiok, aurreikuspenak hautsiz, menperatu egin zuen Markina partida zirraragarrian (18-16). Kadete eta gazte mailan, berriz, Markina eta Durango izan ziren 22ra iritsi zirenak, kasu bietan, Abadiño kanporatuz.
Elorrioko bigarren finalerdietan ere beste hainbeste gertatu zen. Benjaminetan eta kimuetan, Mallabia eta Berriz erraz nagusitu zitzaizkien Lekeitiori (18-11) eta Markinari (18-5). Zaldibarren gertatu zen moduan, haurren mailako partida izan zen denetan ederrena. Lehia estu batean, Iurretak garaitu zuen Mallabia (18-17). Kadeteetan eta gazteetan, Berriz eta Iurreta sailkatu ziren finalerako, eta seniorretan Abadiñok irabazi zion Atxondori (22-12).
Beraz, honakoak dira finaletako parekatzeak: benjaminetan Markina eta Mallabia; kimuetan Iurreta eta Berriz; haurretan Lekeitio eta Iurreta; kadeteetan Markina eta Berriz, gazteetan Durango eta Iurreta; eta nagusietan Markina eta Abadiño.
San Blas txapelketa
Tornosolon jokatzen ari den San Blas txapelketan barikuan erabakiko dira finalerdiak. Eskuz binaka Etxebarria eta Zabalzak Gandiaga II.a eta Itoitzen aurka jokatuko dute. Emakumezkoen paleta goman, berriz, Sebastian eta Okariz Etxarri eta Zamoraren kontra, eta, Perera eta Arozena Pradera eta Gordonen aurka ariko dira.