"Gaztetxeetan eta undergroundean ere popak bere lekua duela uste dugu"

Aritz Maldonado

Aiert Agirre, Unai Unzueta eta Ibon Azpiri. Argazkilaria: Maialen Rekalde

48240 aurkezpen kartaren ondoren, Meison hirukote berriztarrak Ultrapop lan berria kaleratu du. Lan honek "aukera berriak" zabaldu dizkie; adibidez, Bilboko Kafe Antzokian jotzekoa. Durangoko Azokan erosteko aukera egongo da.

Pozik zaudete 'Ultrapop'-ek izandako harreragaz?
Oso pozik. Apiriletik hona hogei kontzertu baino gehiago eman ditugu eta espero ez genuen tokietan jotzeko aukera izan dugu. Kolektibo askok kontuan izan gaituzte eta oso eskertuta gaude. Jotzeko aukerarik izan ezean, honek ez luke zentzurik izango guretzat.

Horrez gainera, oso pozik gaude diskoak gura genituen soinua eta estetika dituelako. Orain, denbora batera eta perspektibagaz begiratuta, atseginagoa da; sorkuntza eta edizio prozesuak ematen duen burukominak batzuetan zaildu egiten du harago ikustea. Badirudi inguruko jendeari ere gustatu zaiola, eta horrek ematen duen poza ezin da beste ezegaz konparatu.

Iruditzen zait aurreko lana hardcore melodikotik hurbilago zegoela.
Bai. Ildo beretik doan arren, soinu aldaketa nabarmena dago lehenengo lanetik bigarren honetara. Bilakaera hori nahiko naturala izan da. Azken finean, momentuan entzuten dituzun musika eta influentziak aldatzen doaz, eta, gura barik bada ere, horrek sorkuntza prozesuan eragiten du. Beti disfrutatu izan dugu gehiago estilo desberdinak jorratuta. Gaur beste disko bat egin behar izango bagenu, beste noranzko bat hartuko luke seguruenik.

Lehenengo EParen garaian, hardcorearen gitarra doinu pisutsuek liluratzen gintuzten, eta AEBetako talde askoren eragina izan genuen, beti ere melodiari behar zuen garrantzia ematen genion arren. Azken urte bietan beste influentzia batzuk ere izan ditugu, eta askotan ez gara hain urrun joan behar horien bila. Azken urteetan asko edan dugu hemengo eszenatik eta Estatuan egiten denetik, eta esango genuke hori nabaritu egiten dela azken diskoan. Askok esan digute hori. 

Pop doinuak aldarrikatzen dituzue.
Nahiko poperoak gara hirurok eta askotan badirudi popa entzutea ez dela zilegi, batez ere gizonon artean; gizonok une oro musika gogorra entzun behar dugula ematen du. Gainera, mainstream-agaz lotzen den genero bat da; Dua Lipa, Bruno Mars eta horrelakoak datozkigu burura, eta gu nahiko urrun gaude doinu horietatik, baina gaztetxeetan eta undergroundean pop taldeek ere lekua badutela uste dugu, eta zentzu batean gutxietsi egiten dela uste dugu.

Julen Apella berriztarrak idatzi du letretariko bat.
Julen gure lagun mina da, eta aspalditik genuen buruan ideia hau. Abestia pasatu genion, melodia eta diskoaren gaia apur bat zehaztuzta, eta sekulako letra egin zigun. Edonork ez dauka poeta bat kuadrillan.

Urtzi Izagaz grabatu duzue Eten Espazioan.
Lehenengo EPa lokalean grabatu genuen, Imanol Jareño lagunagaz. Bigarren lanerako estudio batera joan gura genuen eta Urtzik ideia bikainak eman zizkigun. Lehehengo momentutik oso ondo ulertu du gure soinua eta diskoan islatu gura genuena. Instrumentazioa zuzenean grabatu genuen eta prozesua bizkorra izan zen. 

Betepaeta kolektiboagaz kaleratu duzue lana. Zergaitik?
Orain urte eta erdi sartu ginen kolektiboan. Dena, Mahl Kobat, Ithaka eta Nekktar taldeekin batera gaude. Ez da zigilu tradizional bat, taldeen arteko sare bat da, autogestioa abiapuntu hartzen duena. 

Iruditegirako Sergio Devesa zaldibartarragaz lan egin duzue berriro. Gustura beragaz lanean?
Ultrapopen iruditegia Maria Manerok eta Sergio Devesak egin dute. Mariak azaleko eta kontrazaleko diseinuak egin ditu, 3Dgaz lotura duen guztia. Eta Sergiok logoak, biniloaren maketazioa eta kamiseten diseinua egin ditu. Oso pozik gaude emaitzagaz. Asko gustatu zaigu zelan batu duten euren lana. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!