Irailean zure enpresa propioa ipini zenuen martxan. Zelakoak izan dira lehenengo asteak?
Oso ondo joan dira, egia esanda. Zorte handia izan dut, ortuzaintza programa batean murgildu naizelako Urkiola Landa Garapenerako elkartearen eskutik. Programa horren bitartez, Durangaldeko hainbat ortu-ustiapenetara joaten naiz lan fisikoan laguntzera. Bestetik, basolanekin loturiko lau-bost enkargu izaten ditut hilero. Hasiberria izateko oso ondo dago.
Askotariko zereginak egiten dituzu, beraz.
Sasia eta belar altuak kentzea da nire zeregin nagusia, berdin baserrietan zein basoetan. Horrez gainera, adarrak kimatzen ditut eta baso-kubikazioak egiteko lizentzia daukat, hau da, egur masa tasatzen diot basoko egurra enpresaren bati saltzeko asmotan dabilenari. Eta, era berean, produktu fitosanitarioak aplikatzeko eta altuerako kimaketak egiteko gaitasuna daukat. Etorkizunean, basoak birpopulatzeko lanak egin gura nituzke.
Zer dira altuerako kimaketa horiek?
Altuerako kimaketa zuhaitzik zuhaitz igotzean datza. Demagun etxe baten ondoko zuhaitz adarra kendu behar dela. Mozketa hori behetik egiten baduzu, arriskua egoten da adarra etxe gainera edo ibilgailuren baten gainera jausteko. Nik beste teknika bat erabiltzen dut. Sokak eta beharrezko ekipazioa erabilita, zuhaitzen adaburuetara igotzen naiz, eta han goian nagoela mozten dut adarra. Modu horretan adarra behar den moduan jaustea lortzen dut. Gaur egun boladan ipini da lan hori.
Sektoreak goranzko joera izan dezakeela uste duzu?
Garbitze lanek gora egingo dutela esango nuke. Izan ere, basoen kudeaketa txarto ulertu dugu orain arte. Jende askok uste du basoa bere horretan utzi behar dela. Baina ez. Gure basoetariko asko monokultiboak dira eta baso horiek zaindu gura baditugu, behar-beharrezkoa dugu horietan esku hartzea. Gaur egun kontzientzia handiagoa dago eta instituzioen laguntzagaz joera hori aldatzen dabil. Adibidez, udalak baso lurrak erosten dabiltza. Gainera, banda marroiak pinua gaixotu du, eukaliptoa landatzeko moratoria indarrean egon da, eta aurten gehien landatu den espeziea sekuoia da. Bere egurra kalitate handikoa da altzariak egiteko, baina hori bai, 80 urte behar ditu errentagarria izateko. Oro har, basoa ez da lehen bezain errentagarria, eta jende asko tokiko espezieak landatzen dabil.
Udan sikatea eta suteak izan dira nagusi. Zergaitik da hain garrantzitsua basoa garbi mantentzea?
Basoko sasia zein belar altua erregai izan daitezke suarentzat. Horregaitik, ahalik eta gutxien egotea ahalegindu behar dugu, basoa garbi mantenduta. Tokiko basoek erresistentzia handiagoa dute, enborrak sendoagoak dira, eta horrek moteldu egiten dute sutea. Horrela, suhiltzaileek denbora gehiago dute sua amatatzeko.