Zer dago 'Bizirik gaude'-ren atzean?
Proiektuaren atzean ni nago gehienbat, Gartxot. Lehenago ere hainbat talde-dinamikatan ibilitakoa naiz, eta hau nire lehen proiektua da, neure izenarekin bataiatu dudana. Ordenagailuz eginiko kantak ardatz ziren eta oholtza gainean performatiboagoa zen proiektu batetik nator, baita besteentzat eginiko kantak egitetik ere, baina Bizirik gaude honetan neu nago lehen lerroan, abestuz eta gitarra joz, ariketa xumeago eta biluziago batean. Esango nuke azken hiru-lau urteetan halako garai nahiko trantsizionala izan dudala, lan munduan, pertsonalean... jende guztiak bezala, suposatzen dut, baina hortik sortutako sentimenduei soinu banda txiki bat jartzeko asmoarekin, nire izenarekin, zerbait kaleratzera animatu naiz azkenean.
Hori izan da abiapuntua, baina, gauzatzerakoan, gakoetako bat Amaia Mirana ekoizpen lanetan lagun izatea izan da. Aipatutako garai horretan ezagutu nuen; musika ulertzeko eta egiteko bere moduarekin maitemindu nintzen, eta garai horretan nituen ideia batzuk erakutsi nizkion. Ideia horiek oso landuta zeuden, geruza asko zituzten eta Amaiak ideia horiek sinpletasunera eramatera bultzatu ninduen. Maketak erakutsi nizkionean, "Egizu hau, baina gitarrarekin bakarrik. Hartu ezazu grabagailu bat, eta kantatu ateratzen zaizun moduan", esan zidan. Eta hori egin nuen. Maketa berri horiek entzun nituenean esan nuen: "Hauxe da bidea". Beraz, Amaiari zor diot norabide hori indartzea. Berari, gainera, asko gustatzen zaio hartualdia zuzenean grabatzea. Nire etxean, gurasoen etxean eta Amaiaren etxean ere grabatu genuen, bere mikrofonoekin. Bizirik gaude honen parte izan dira baita ere inguruan ditudan lagun eta musikari asko: Xabier Zeberio, Iban Urizar 'Amorante', Garazi Esnaola, Maia Iribarne, Amaia bera... bakoitzak beretik jarri du alea, eta, beraz, esango nuke oinarrian soinu aldetik xumea den disko bat geratu dela, baina prozesu landu bat izan duena atzetik.
Eta zelan moldatuko zara zuzenekoetarako?
Normalean ni bakarrik joaten naiz, eta batzuetan, Garazi Esnaolak ahal izaten duenean, biok joaten gara, gitarrarekin eta pianoarekin. Oso pianista iaioa da eta bion ahotsarekin abestiak osatuago geratzen dira; oso abesti intimoak izan arren, zuzenekoek beste tamaina bat hartzen dute. Baina bakarrik nagoenean ere gustuko dut, sinpletasun horretan ere beste gauza batzuk azaleratzen direlako. Inoiz gustatuko litzaidake diskoan parte hartu duten lagun guztiekin halako kontzertu berezi bat egitea, diskoa grabatu dugun moduan, elementu guztiekin erakusteko. Bien bitartean, uste dut bai bakarrik noanean, bai Garazirekin, diskoaren esentzia oso ondo eramaten dugula, eta alde horretatik oso gustura nago.
Ez da erraza diskoko atmosfera hori zuzenekora eramatea.
Esan dizudan bezala, Amaia momentuak harrapatzearen zale da, eta asko gustatu zait hori diskoan nola geratu den. Lehenago inoiz ere ez dut horrela lan egin, aurreko talde eta proiektu guztietan ere unea ehizatzearen alde egiten genuen, baina disko honetakoa errepikaezina izan da. Hartualdirik gehienak momentukoak dira, eta esango nuke hiru abesti unean unekoak izan zirela oso-osorik; lehen hartualdia egin, eta "Ostra, hemen magia gertatu da, ezta?". Beharbada zerbait borobildu zitekeen, baina sentimendua bene-benetakoa izan zen eta hori lehenetsi genuen.
Hainbat saltsatan ibilitakoa zara, gauza desberdinak probatzearen zale zara. Errora jotze honegaz, asko kostatu zaizu ala disfrutatu egin duzu?
Musikagintzan gehien gustatzen zaidana zuzenekoa da. Oholtzara igo eta espresio modu momentu hori asko gozatzen dut. Eta ez da txalo goseagatik, baina, egia esan, beti gozatu dut taula gainean, egiten dudana intentsitatearekin egiten ari naizelako. Eta gogoa neukan, artifizio zalea izan arren, orain artifizio handirik gabe aritzeko. Kantagintza bera ere asko gustatzen zait, kanta bat sortzeko prozesuaz beti gozatu izan dut, bai taldekideekin bai bakarka. Ideia asko partekatu izan ditut beti. Ghaurekin izugarri gozatu nuen kantagintzan, ordu piloa pasatzen nituen, koadro bat balitz bezala, zein kolore erabili, zein ez... Ghau proiektua ere horrela bideratu nuen, ordura arte egin ez nuen bezala, oholtza gainean performacea ere landuta, dantza landuta. Ordu asko izan ziren, baina agortu zen hori ere bai, eta hasieran proiektu batetik besterako jauziak handia dirudien arren, ez da hainbesterako, funtsean, oinarrian, kantagintza antzerakoa delako: letra bat dago, melodia bat dago, hau da, kantaren muinera joan naiz, eta horrek desberdintzen du zerbait, baina nire ustez ez da izugarrizko aldaketa bat egon. Askotan sinpletasun horretara jotzeak erraza dirudi, baina konplikatuagoa da.
Ez da erraza hainbeste urtean kuriositatea bizirik mantentzea.
Oso eskertua nago zuzenean jotzeko aukerak edukitzeagatik. Inoiz ez dut oholtza faltarik izan, baina Ghau proiektuarekin, adibidez, gertatu zitzaidan motibazioa handiagoa izan zela jotzeko aukerak baino, eta hor tentsio txiki bat izan nuen. Orain, Gartxot deituriko proiektuarekin datorrena datorrela, eskertuko dut. Beti izan da horrela, baina orain ez nuen espero, eta nire maila txiki eta xumean pozik nago izandako harrerarekin, sortzen ari zaizkidan aukera hauekin. Oso gustura nago leku txukunetara joan eta bertan jota, eta hainbeste maitasunez egin dugun hau modu duin eta elegantean aurkezteko aukera bakoitzarekin. Ez dugu astero jotzeko aukera, baina kontzertua dugun asteburuaren astea oso berezia da. Gaur egun ez da erraza kontzertuak lotzea, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei eta areotetara joaen diren guztiei.