"Aurten hainbat denda itxi dute. Berrizen moduko herri batentzat galera handia da"

Anboto

Agurtzane Ibabe eta Juan Ramon Turrion.

Bizi Berriz ekimenaren bigarren edizioa egingo dute zapatuan, 17:30ean hasita

Uda amaitu eta ikasturte berriari hasiera eman eta gero, Berrizko Merkatari Elkarteak Bizi Berriz ekimenaren beste edizio bat antolatu du tokiko merkataritza bultzatzeko. Irailaren 1etik 19ra bitartean egindako erosketetan lorturiko tiketekin —erosketak hamar euro baino gehiagokoak izan behar dira— sari-erruleta egingo dute. Poltsak eta herriko dendetan gastatzeko bonuak izango dira sariak; sarien zerrenda osoa berrizkomerkatari.eus webgunean dago. ANBOTO Berrizko Agurtzane Ibabe eta Juan Ramon Turrion merkatariekin batu da.

Zelako harrera izaten ari da kanpaina?
Juan Ramon Turrion: Horrelakoak, egunean bertan ikusten dira batez ere. Egunotan txartelak banatu ditugu, baina ez dakigu zenbat jende etorriko den zapatuan. 
Agurtzane Ibabe: Lagun asko gogoratu da iazkoagaz, eta ahalegina egiten gabiltza zeozer desberdina eskaintzeko.

Zelakoa da Berrizko merkataritzaren egoera?
J. R. T.: Oso konplikatua. Herriko merkataritza maldan behera doa eta herria hiltzen dabil. Aurten bertan, herriko hainbat denda itxi dute. Berrizen moduko herri batentzat galera handia da, ez dagoelako belaunaldi erreleborik.
A. I.: Kontsumo ohiturak guztiz aldatu dira. Jendeak denbora gutxi dauka eta geroago eta joera handiagoa dago erosketak toki bakar batean edo Internet bidez egiteko. Egunak 24 ordu ditu eta lehen herrian bertan denbora gehiago igarotzeko ohitura zegoen. 

Zapatukoaren moduko ekimenek laguntzen dute herritarrengan kontzientzia pizten?
A. I.: Halako ekimenek ez dute joera orokorra guztiz aldatuko, baina balio dute desagerpena atzeratzeko eta jendea horretaz konturarazteko. Azken batean, gauza bereziak eskaintzen ditugunok iraungo dugu, tratu pertsonala eta kalitatezkoa eskaintzen dugunok.
J. R. T.: Gatx da frankizia handiekin edo Interneteko salmentekin lehiatzea. Administrazioek esaten dute badaudela laguntzak, baina paper mordoa eskatzen dute eta betebeharrak handiegiak dira guretzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!