Berrizen hitzordu bi izango ditu datozen egunetan. Lehenengoa irailaren 10ean izango da, Lorategian, 17:00etatik 19:00etara. Urrutiak material birziklatuz egindako musika-tresnen tailerra eskainiko du eta gazteenek aukera paregabea izango dute musikara modu dibertigarrian hurbiltzeko. Mangera, maionesa tapa edo tutuekin egindako instrumentuekin, parte hartzaileek hainbat doinu egingo dute.
Bestalde, Urrutiak berak beste ikuskizun bat ere egingo du irailaren 17an: Matraka Culinary Center, hain zuzen ere. Urrutiak bere pasio biak azaltzen ditu emanaldi honetan: musika eta sukaldaritza. "Sanbatik rapera, punketik indiako giro-soinuetara, lapikoak, paella ontziak, azenarioak, makarroiak, kuiatxoak, erratak eta sukaldeko koilarak izango dira soinu banda bitxiaren tresnetariko batzuk", azaldu du Urrutiak.