33 urteko gazte bat atxilotu dute Berrizen, gizon bati edalontzi batekin buruan jota lesioak eragiteagatik

Anboto 2026ko abuztuaren 21a

Erasotzaileak kristalezko edalontzi batekin gizon bat jo zuen eta, bekain parean zauri sakona eragin zion. Zauritua Gurutzetako ospitalera eraman zuten. 

Ertzaintzak prentsa oharrean azaldu duenez, atzo, osteguna, 23:30 inguruan, berriemaile batek jakinarazi zien gizon bati kristalezko edalontzi batekin eraso egin ziotela eta burutik odola dariola zegoela. Erasoa bide publikoan, Berrizko ibilgailuen aparkaleku batean gertatu zen.

Bertaratu ziren ertzainek zauritua eta erasoaren lekuko batzuk aurkitu zituzten, eta osasun-laguntza eskatu ondoren, gertatutakoari buruzko lehen datuak jaso zituzten.  Erasoaren ondorioz hautsita geratu zen edalontzia ere aurkitu zuten. Biktima,  30 urteko gizona, anbulantzian eraman zuten Gurutzetako ospitalera, bekainean zaurituta.

Gertatutakoa ikertu ondoren, gauerdi inguruan, patruilek herriko beste leku batean aurkitu zuten ustezko erasotzailea, esku batean, ustez biktimari edalontziarekin eraso egin izanaren ondorioz, bi ebaki eta odol-arrastoak zituena. Ertzainek lesio-delitua leporatuta atxilotu zuten.

Atxilotua  33 urteko gizona da, eta aurten beste bi aldiz atxilotu dutela jakinarazi du Ertzaintzak. Gaur goizean Durangoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!