Berrizko Elizoste inguruko bizilagunak kexu dira udalagaz jaien eraginagaitik

Jone Guenetxea 2026ko uztailaren 1a

Elizosteko atari bat.

Sarritan, jaiek gozamena sortzen dute herritarren artean. Beste kasu batzuetan, ostera, ospakizuna buruhauste bihurtzen da. Berrizko Elizoste inguruko bizilagunek bigarren egoera hori bizi dute azken lau urteotan.

Kaltetuek salatu dutenez, aurten ere hainbat eragozpen sufritu dute joan den asteburuko jaietan. Izan ere, Elizosteko etxebizitza hauek txosnagunetik metro gutxitara daude. Zarata eta kalteak jasan dituztela azaldu dute. "Musika baimendutako dezibelioak baino askoz altuago egon da, eta 08:40ra arte martxan egon zen zapatuan. Aste bitartean ere goizera arte. Gainera, txosnak hain gertu egotera, musikak etxebizitzetan sortzen duen bibrazioaren eraginez alarmak behin eta berriz jo du", esan dute bizilagunek.

Gaineratu dutenez, etxebizitzen kanpoaldeetan txis parrastadak eta loreontziak apurtuta topatu dituzte. Eta inoiz mehatxuak ere jasan dituztela esan dute. Auzokideek diotenez, udalagaz sarritan berba egin dute gai honi buruz, baina irtenbiderik eman ez dietela iritzita, kexu dira: "Aurten hesi batzuk ipini dituzte segurtasun neurri modura, baina ez dute ezertarako ere balio izan. Jendea berdin-berdin sartu da gure ate aurrera".

Egoera honen aurrean, auzokideek salaketa ipini dute Ertzaintzan, eta udalera jotzeko asmoa agertu dute.

Udalaren erantzuna
Orlan Isoird alkateak azaldu duenez, Elizosteren kasuan, aurtengo jaietan hesiak ipini dituzte segurtasun neurri legez, auzokideak babesteko. Hala ere, jaien amaieran balorazioa egingo dute zonalde honetan eta baita herriko beste leku batzuetan sortzen diren egoerak aztertzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!