"Gatx da AEBetako janarira ohitzea, zer esanik ez Euskal Herritik joanda"

Aitziber Basauri 2026ko ekainaren 28a

Ainhoa Colino, Hego Carolinako (AEB) USC AIKEN unibertsitatearen aurrean.

Hego Carolinako AIKEN unibertsitatean (AEB) Psikologia eta Ariketa eta Kirolaren Zientziak gradu bikoitza egin ondoren, Ainhoa Colinok (Berriz, 2004) astebete eskas egin zuen Berrizen Greziara joan aurretik Zaporeak elkarteagaz lan egitera. Uztailean Herbeheretara joango da, Groningen-era. Han, ikerkuntza oinarritutako Kirol Zientzien masterra hasiko du.

Ez duzu denbora askorik egingo herrian.
Ez naiz geldirik egotekoa, egia esanda.

2022an Hego Carolinara joan zien, Columbia College-ra lehenengo.
Beti gura izan dut atzerrian ikasi, kultura desberdinak ezagutu. Zortzi urte nituenetik egin dut atletismoa: krosa, martxa eta pista. Beka bat lortu nuen AEBetan kirola eta ikasketak uztartzeko. Konfort-zonatik irten eta toki desberdin bat ezagutzeko aukera ikusi nuen. Gainera, erraztasun handia ematen dute kirolean maila handian aritzeko. 

Euskadiko txapeldun zinela joan zinen, krosa egiteko asmoagaz.
Bai, oso gogotsu joan nintzen Columbia Collegera, jakinda maila pertsonalean eta atleta legez asko haziko nintzela. Martxa talde bat zegoen eta munduko txapelketetan ibilitako entrenatzaile bat. Era berean, ezagutzen ez nuen toki batera nindoan, kultura oso desberdinagaz, eta inor ezagutu barik.

Zer egin zitzaizun gatxena?
Kirol arloan entrenamenduak. AEBetan dena dago zentratuta lehiaketan, denboretan, marketan. Hemen, gozamenera dago bideratuta gehiago. Astean 4-5 egun entrenatzera nengoen ohituta, talde txikiagoan, askatasun gehiagorekin. Presio handiagoa izan dut han. Kilometro gehiago egiten genituen eta ez nengoen horretara ohituta. Nahiko lesionatu naiz, eta ordaindu egin dut. 

Nola ohitu zara AEBetako gizartera?
Kultura eta pentsakera desberdina da eta denerako behar da kotxea. Janaria ere desberdina! Gatx da ohitzea, zer esanik ez Euskal Herritik joanda! Zorionez, azken urte bietan sukaldea izan dut etxean, kozinatzeko. Berrizera nentorrenetan, Gabonetan edo udan, maleta janariz beterik bueltatzen nintzen. Une gogorrak bizi arren, esperientzia ona izan dut. Ekipoa familia izan dut, eta egokituz joan naiz.

AEBetako unibertsitate-sistema onenetarikoa ei da kirola eta ikasketak uztartzeko. Gainera, Ikasle Bikainaren saria eman zizuten.
Ikasketak oso bideratuta daude ezagutza praktikora. Kasu konkretu bat hartu, eta hori zelan bideratu aztertu eta hausnartu behar genuen. Eta laborategiko praktika asko egiten genuen. Ikerketan aritzeko aukera ere izan dut; hainbat proiektu garatu dut eta AEBetako hainbat tokitan aurkeztu. Erraztasun handia eman didate guzti hori atletismoagaz uztartzeko.

Izan duzu lehiatzeko aukerarik?
Entrenamenduen kargak, egindako kilometroek... asko eragin didate. Lehenengo urtean asko kostatu zitzaidan egokitzea eta askotan lesionatu nintzen. Asko exijitzen diot neure buruari, eta presioak ez zidan mesede egin. Azken urte biak AIKEN-en egin ditut eta aldaketa apur bat kaotikoa izan zen. Kirolari legez arantza hori geratu zait eta konfiantza hartu dudan arren dena ez da joan espero nuen moduan.

Zer ekarpen egin dizu esperientziak?
Bizitza pertsonala eta kirola bereizten lagundu dit, eta emaitzak lortzeko egindakoagaz disfrutatzeak duen garrantziaz konturatzen. Diziplina behar da, dena ematea, eta gozatu puntu hori ere bai. Gorputza zaintzen ikasi dut, lesioetatik ere bai.

Utziko diozu inoiz korrika egiteari?
Ez dakit! Gorputzak uzten ez didanean, igual.

MOTZEAN

Pista ala krosa?
Pista.

Atleta izateko behar da...
Konstantzia izatea.

Egiteko duzun ametsa?
Triatloi bat.

Entrenatzeko momenturik onena?
Goizean goiz.

Lasterketa bat?
Behobia-Donostia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!