Aurten Miren Amuriza Plazak emango die hasiera Berrizko San Pedro eta Santa Isabel jaiei, berak irakurriko du-eta pregoia udaletxean. Ekainaren 26an izango da hori. Ohikoa duten moduan, ekitaldi berean jaietako kartel lehiaketako sari banaketa egingo dute, eta sardina-jan tradizionala txupina jaurti eta gero. Txosnen irekieraren eta kontratxupin ekitaldiaren ondoren, Donien Atxa jaso eta Dantzari Dantzaren entsegu orokorra egingo dute. 20:00 aldera izango da hori, eta, urtero legez, ekitaldiak jendetza batuko du. Gauean, Luhartz taldearen erromeriak Elizondo plaza hartuko du; txosnagunean Reder taldeak eta La Fulana eta Alaine DJek girotuko dute gaua.
Biharamunean, ekainaren 27an, kuadrillek hartuko dute protagonismoa. Goiztiarrenek 10:00etarako prest egon beharko dute, zozketarako. Ondoren, paella lehiaketa eta jana egingo dituzte udaletxeko lorategian. Behin sabela beteta, mozorro jaitsiera egingo dute; 18:00 inguru izaten da. Elizondo plazan, Oihan Vegak emanaldi bikoitza izango du: arratsaldean, umeentzat bereziki prestatu duen saioa egingo du, eta gauean gazteagoei zuzendurikoa; gero, DJ Maria Blessive arituko da. Txosnagunean, Aittu taldeak erromeria doinuak hurbilduko ditu, eta DJ Kuku eta Kenek eta DJ Amamak doinu modernoagoak plazaratuko dituzte.
Lehia gastronomiko gehiago
Domekan, ekainak 28, Berriztuk antolaturiko artisau azoka egongo da, 11:00etatik 14:30era bitartean; herriko sortzaile eta artisauen ekoizpenak ezagutu eta erosi ahal izango dira bertan. 14:00etan, XIV. Jose Ramon Korpion lehiaketa gastronomikoaren txanda izango da; bertan, pil-pilean bakailaorik onena norena den erabakiko dute. Jarraian, Kelmene Abaituak, Araitz Katarainek eta Ander Elorriagak bertso saioan parte hartuko dute, eta, eguna borobiltzeko, Jonkass zornotzarrak kontzertua emango du Elizondo plazan. San Pedro eguna, ekainaren 29a, meza nagusiagaz eta Dantzari Dantzagaz hasiko dute, 12;00etan; 20:00etan ere egongo da aukera dantza horiek ikusteko. Ondoren, Haatik dantza taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da; 22:00etan izango da hori, eskolako patioan. Uztailaren 1eko protagonistetariko bat musika izango da. Izan ere, Sua laukoteak kontzertua joko du txosnagunean; ondoren, DJ Marrazok eta DJ Zelaietsek musika saioak egingo dituzte txosnagunean. Eta Errota taldeak erromeria egingo du Elizondo plazan.
Santa Isabel egunagaz amaituko dituzte jaiak Berrizen. Meza eta Dantzari Dantza egingo dituzte goizean, eta 14:00etan jubilatuentzako bazkaria egongo da. 23:00etan, Lekittoko Deabruak taldeak Deabruak gara piroteknia ikuskizuna egingo du jaiak borobiltzeko.