Zelan jaso duzu pregoilari izateko proposamena?
Sorpresa handia izan da. Deitu zidatenean, mundu guztiari esan nion ez nuela espero. Urte askoan hainbat talderi proposatu izan zaie ardura hau, eta niri esatea, norbanako legez, ba ez nuen espero. Lehenago ere egonda nago balkoian, bertso eskolako kideekin eta talde feministakoekin, baina oraingoa desberdina izango da. Jai batzordearen aitortza bat da eta eskertzekoa da.
Orain mikrofonoa zeuk bakarrik hartzeak ardura handiagoa ematen du?
Bai, ardura sentitzen dut. Oraindino ez naiz hasi fundamentuz pentsatzen zer esan. Jaiei ganorazko hasiera emateaz gainera, gaur egungo egoera orokorrari buruzko zenbait elementu ere aipatu gura nituzke: gizarte gaiak, gazteen egoera, Palestinako sarraskia... Edukia sartu gura dut, baina ez dut gura ordu erdiko mitin bat izatea.
Orain artean, txosnen bueltan ibili izan naiz beti, jai alternatiboetan, eta txupinazo alternatiboa ere hor dago. Beraz, udaletxeko balkoia oso instituzionala den arren, nire asmoa txosnaguneko eta herri mugimenduko airea ere hara eramatea da. Adi nago ea egun hauetan zer gertatzen den inguruan, eta collage moduko bat egiten ahaleginduko naiz.
Zelan bizi dituzu Berrizko jaiak?
Gogoratzen naiz, irteten hasi ginenean eta, amak beti egiten zigula broma: "Ipini kanpin denda udaletxe aurrean eta astebete barru elkar ikusiko dugu". Lagun artean eta giro onean bizi izan ditut jaiak beti. Urte askoan ibili gara hauek antolatzen eta bertan parte hartzen, denon onurarako lan egiten.
Horri lotuta, aipatu gura nuke geroago eta gehiago kostatzen dela herrietako jaiak antolatzea, jendea konprometitzea, eta esango nuke ez dela Berrizko kontua bakarrik. Sintomatikoa da: urte osoan kostatzen zaigu gauzak martxan mantentzea. Hala ere, eta aurten ni lan horietan gutxiago ibili naizen arren, pozik nago beste batzuk ere ikusten ditudalako horretan lanean. Bestalde, zortea dugu udalak ere kultura programazio aberatsa antolatzen duelako urte osoan zehar.
Badago jaietan galdu ezin duzun hitzordurik?
Egunik handiena zapatukoa izan da beti, kuadrilla eguna. Beti joan izan gara. Azken urteetan formatu hori apur bat aldatzen ahalegindu gara, kuadrilla kontzeptua batzuetan zurrunegia izan daitekeelako eta jendea kanpoan utzi daitekeelako. Aurten beharbada ez naiz egun osoan zehar hor egongo, baina joango naiz kuku bat egitera.