Xuban Gorroño berriztarrak besoak altxatu zituen atzo, Oñatin lehiatutako kadeteen Euskadiko txapelketan. Lana gogotik eginda lortu zuen garaipena Cafe Dromedario-Flotamet taldeko txirrindulariak.
Lasterketa Arregiko igoeran hautsi zen. Une horretan Gorroñok sufritzen jakin zuen aurrekoen erritmoari eusteko. Burua makurtu, lanean jarraitu eta galdutako metro gutxiak aldapa behera berreskuratu zituen. Azken esprintean, berriz, barruan zituenak eman eta sekulako pedal-kolpea atera zuen lasterketa irabazteko. "Oraindik ez dut sinesten" onartu zuen Gorroñok lasterketa amaitu bezain laster emandako adierazpenetan. "Goizean aitagaz etorri naiz esprinta berrikustera. Esprint luzea zen eta banekien ez nintzela hasieratik indarrez hustu behar. Danik arrankatu du, bere gurpilean sartu naiz eta azkenean lortu dugu", adierazi zuen.
Lorpen gehiago
Durangaldeko txirrindularitzak beste hainbat lorpen eskuratu ditu azken astean. Aurreko asteko martitzenean Axular Aldazabal durangarrak hirugarren postua lortu zuen Aizarnazabalen jokatutako bakarkako erlojupeko Euskadiko junior txapelketan. Ordu gutxiko prestakuntzagaz parte hartu zuen, txapelketa hori azken orduan antolatu baitzen.
Horren gainera, Amets Eguren durangarrak brontzezko domina lortu zuen Amurrion lehiatutako Euskadiko errepideko junior txapelketan. Kasu honetan ere azken maldan galdutako metroak berreskuratu eta esprintean hirugarren sailkatu zen.
Azkenik, Eiser-Hirumet taldeko Haritz Félix Azurmendi lezamarra Euskadiko XCO azpitxapeldun izan zen joan zen zapatuan Amurrion lehiatutako zirkuitu gorabeheratsuan.

Axular Aldazabal erlujoaren kontra lehiatzen. (Argazkia: Unai de Miguel)

Amets Eguren eskuman, Amurrioko podiumean. (Argazkia: Euskadiko federazioa)