Zer moduz joan zen asteburuko abentura?
Ondo. Preparazio handirik barik joan ginen eta proba ondo joan zen orokorrean. Bero handia izan genuen, baina gainerakoa aurreikusi genuen moduan joan zen.
700 kilometroko ibilbidea egin behar izan duzue. Zenbat denbora behar izan duzue?
Kepak eta biok bikoteka eman genuen izena, eta Anderrek bakarkako modalitatean. Bakarkakoak gu baino ordu erdi lehenago irten ziren. Proba hasi baino apurtxo bat lehenago nik errobera bat zulatu nuen eta Kepa eta biok gainerakoak baino zeozer beranduago irten ginen. Beraz, apur bat aldrebestu egin zitzaigun irteerako une hori. Anderrerk 31 ordu behar izan zituen ibilibide osoa egiteko. Kepak eta biok gehiago, 37 ordu.
Horrenbeste orduan, hartzen duzue lo egiteko tarterik?
Anderrek ez zuen lorik egin, eta guk ordubete. Parke batean geratu, eta tartetxo bat hartu genuen deskantsurako. Eta handik helmugaraino, Bartzelonaraino. Labur esanda, 700 kilometro 37 orduan, tartean ordubeteko loalditxoa eginda.
Zer ematen dizuete horrelako abenturek?
Oso gogoko dugu bizikletan distantzia luzeak egitea. Honelako abenturak ziurgabetasunez beterikoak izaten dira, horrenbeste kilometroan ez dakizu zer gertatuko zaizun, eta horrek zirrara apur bat ere eragiten digu. Baina, tira, ez da lehenengo aldia, eta badugu esperientzia apur bat. Lehen, esaterako, bidaiatzen hasi ginenean, hoteletan geratzen ginen lo egiten, baina orain errepide bazterrean lo egiten dugu.
Uda ate joka dago. Baduzue beste erronkarik ordurako?
Transiberica proban izena emanda gaude. Abuztuan da eta Belgikan hasten da. 2.800 metroko proba da. Eginda daukagu beste urte batean. Orduan bederatzi-hamar egun behar izan genituen ibilbidea egiteko. Hori hobetzea da gure helburua.