'Gezurrari zor'. Izenburu indartsua da. Nondik sortu zen ideia eta zer esan gura du?
Edozein gairen inguruan hausnartzen dugunean, ironiaren eta burlaren joko hori oso interesgarria iruditzen zaigu. Gezur bati buelta emateko modurik ederrena esan nahi den horren kontrakoa esatea izaten da askotan. Lan honetan, gizartean egiatzat ematen diren hainbat gairen inguruan gezurrarekin jokatzea izan da apustua edo hasierako abiapuntua.
Desinformazioaren garaian, egiaren eta gezurraren artean hari fin bat dago.
Bai, bai, guztiz. Politikari begiratzen badiogu, edo komunikabideetan ikusten dugunari, askotan gezurra esaten da jakinda gezurra dela. Jendeak hori entzuten du jakinda gezurra dela, baina egiatzat ematen da. Oso fenomeno berezi bat gertatzen ari da diskurtso mailan. Gero, irudien munduari begiratzen badiogu, adimen artifizialarekin jada ezin zara fidatu ikusten duzunarekin ere. Historiaren oso momentu konkretu batean gaude, eta ez dakigu hemendik aurrera egiaren eta gezurraren kontzeptu hori betirako aldatuko den.
Disko honetan hainbat bertsolari bidelagun izan duzu letrak sortzeko.
Proiektu honetan bederatzi gezur hartu ditugu eta bederatzi bertsolariri proposatu diegu bakoitzaren inguruan bertso sorta bat sortzea. Gainera, bederatzi bertso sorta horiek metrika eta doinu ezberdinekin osatu ditugu. Doinu guztiak berriak dira eta ni arduratu naiz horiek sortzeaz.
Zelakoa izan da bertsolari horiekin egindako lanketa?
Hasierako lana Alaia Martinekin gezur horiek identifikatzea izan zen. Gero, nori zer eskatu pentsatu genuen, bertsolari bakoitza gai horrekin eroso egon zedin. Adibidez, Andoni Egañari bizitza osoan euskalgintzan lanean dabilen artista baten erretratua egiteko eskatu genion, jaiotzatik zahartzarora arte. Jon Maiarekin askotan esaten diguten hori jorratu genuen: "Zuk hain ondo jakinda gaztelaniaz, zergatik ez duzu gaztelaniaz kantatzen?". Gure herri txikiko gauzak utzi eta munduko hiritar izateko gezur hori. Ane Labakarekin "aita espektakularraren" gaia landu dugu: nola saritzen den aitak egiten duen edozein keinu txiki. Beñat Gaztelumendirekin Hirutxuloko Hiria landu dugu. Donostiaren irudi bukolikoaren atzean zein beste itzal dauden. Oihane Aranarekin "Etorkizuna zarete" landu dugu: gazteei etorkizuna beraien esku dagoela esaten zaie, baina, gero, bizitza aurrera ateratzeko dituzten zailtasunak ikusten ditugu. Odei Barrosorekin hasieran aipatu dugun guztia: irudiak, politika, trikimailuak... Xabier Amurizarekin "Lau egia", bertsolaritzaren barruko gezur batzuk identifikatuz. Alaia Martinekin diskoa borobiltzen duen sorta orokorrago bat osatu dugu. Jon Sarasuak euskararen inguruko gezurrak aipatzen ditu, nola askotan uste dugun euskaraz ari garela baina erdi erdaraz ari garen.
Kolaborazio guztien artean, Berrizera etorrita, Xabier Amuriza dugu. Kontzertuan Xabier bera izango da?
Hasieran egiten ari garen aurkezpen hauetan, emanaldi bakoitzera bertsolari bat gonbidatzea da gure asmoa. Berrizen Xabier Amuriza izateko aukera dugu eta berak saioa testuinguruan jarriko du, bere bertso sorta azalduko du. Amaieran, animatzen bada, inprobisatu dezan ere eskatuko diogu.
Zelan planteatzen dituzu kontzertu hauek?
Hirukotea goaz: Arkaitz Minerrek mandolina eta biolina joko ditu; Iker Laurobak baxua, teklatua eta gitarra; nik gitarra jo eta abestu egingo dut. Hirurok egongo gara agertokian, eta baita Xabier Amuriza ere, gonbidatu.
Letrak zelan sortu diren aipatu duzu, baina doinuak zureak dira. Ez da erraza izango metrika ezberdinei doinua ipintzea.
Hor kontuan izan dudan gauzarik garrantzitsuena prosodiari begiratzea izan da. Xabier Lete izan dugu erreferente alde horretatik: berak kantua hizketan bezala egiten zuen, entzuteko erraza. Nik ere joera hori erabili nahi izan dut, doinuak entzuteko eta erabiltzeko errazak izan daitezen, bertsolariek ere plazetan erabil ditzaten, nahi badute.
Zer formatutan kaleratu duzu diskoa? Biniloa ere laster kaleratuko duzu.
Bai, Digipack-ean (CD) eta biniloan. Biniloak pixka bat gehiago tardatzen du fabrikatik iristen, baina laster egongo da denda guztietan eta Interneten eskuragarri. Plataforma digitaletan ere badago entzungai.
Eta kontsumitzaile legez, Mikel, zer formatu duzu gustuko?
Nik biniloa erosten dut. Etxean badut platoa eta oso erritual erromantikoa iruditzen zait: diskoa jarri, entzun, buelta eman... gure belaunaldian horrela hasi ginen eta niretzat berezia da.
Kontsumitzaile legez, zelan ikusten duzu gaur egungo musikaren panorama, batez ere Euskal Herrian?
Aldaketa sakona izan da eta oraindik ez dakigu nora goazen. Adimen artifiziala dator. Gainera, gazteek arreta gutxiago mantentzen dute gauza bakarrean, dena oso azkar doa. Bestalde, ekitaldi handien garaia dela dirudi. Uste dut indar erakustaldi handiak garrantzitsuak direla, baina herri baten benetako muskulua emanaldi txiki eta ertainetan dagoela, eta horiek zaindu behar ditugula: kultur etxeetako saioak, zineetakoak... Horren aldeko apustua egin behar dugu.
Amaitzeko, berriztarrei gonbita.
Noski! Berriztarrei eta ingurukoei, Arkaitz, Iker eta hirurok egongo gara, Xabier Amurizarekin batera.