ANBOTO eurekin elkartu da astelehenean egindako elkarretaratzean; beste astelehen batez, 100 bat lagun batu ziren. Ondoren, barikurako deialdirako kartelak itsatsi zituzten Berriztik zehar.
Manifestaziora deitu duzue barikurako.
Mari Angeles Elorriaga: Urte bi daramatzagu protestan, azken finean, denok dugulako etxean edo gertu kasuren bat. Osasuna oso garrantzitsua da eta zentroa orain ez dabil erantzuten behar den moduan. Ia derrigorrean pribatura jotzera behartzen zaituzte.
Tomas Garcia: Orain urtebete-edo manifestazio jendetsu bat egin genuen, batere medikurik barik geratu ginelako. 100 bat berriztarrek trena hartu eta Galdakaora joan ginen, Osakidetzako zuzendariarengana, kexatzera; mila sinadura baino gehiago ere batu genituen. Orain, teorian, hiru mediku ditugu Berrizko anbulatorioan, baina erralitatea bestelakoa da: mediku horietariko bik lanaldi murriztua dute, eta baja edo oporrak hartuz gero, ez dituzte ordezkatzen; egun batzuetan mediku bakarra dugu, edo batere ez. Lehen Arreta suntsituta dago. Sarritan, erizainek egiten dizute baheketa, beste batzuetan administrariari kontatu behar diozu zure bizitza, leihatilan. Ez dugu ilargia eskatzen, orain urte batzuk geneukana berreskuratzea baino.
Arazoaren muina ez dela mediku falta puntual bat nabarmendu duzue.
Valen Esteban: Hala da. Ez da logikoa osasun zentrora joan eta familiako medikuak handik hamar egunerako ematea hitzordua. Hori adibide bat baino ez da. Herriko medikuen egoerak erakusten du zerbitzu osoa zelan dagoen. Ez dago finkotasunik, eta espezialistak are okerrago dabiltza: hitzorduak eta probak atzeratu egiten dira etengabe. Hasieran txikia den gaitz bat okertu egiten da hileetan zehar, eta garaiz osatu daitekeena atzeraezin bihurtu daiteke horrela.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasunean gastatzen den diru totalaren %30 medikuntza pribatura bideratzen da dagoeneko. Gobernuak badaki familiako mediku egonkor bat izateak gaixotasun kronikoen konplikazioen %90 ekiditen duena. Dena dela, Margaret Thatcherrek Ingalaterran ezarri zituen politika berdinekin jarraitzen dute: sistema publikoa desegin, aberatsek arreta hobea izan dezaten.
Berriztarrak kalera irten zarete hainbat bider.
Maite Arrizabalaga: Hau guzti hau ez da kasualitatea. Politika kapitalista liberal batzuen ondorioa da. Aznarren gobernuaren garaian publikoko eta pribatuko joan-etorriak ahalbidetu ziren, osasuna elite batentzako bakarrik uzteko bidea egin zuten, baina gu ez gaituzte engainatuko.
V. E.: Ez dugu gura Berriz erreferentzia bat izatea borroka honetan. Durangaldeko herri guztiek gure moduan osasun publikoaren alde borroka egitea da gure helburua, arazo hau ez delako berriztarrona bakarrik, herri guztiena da.
T. G.: Osasun langileak babesten ditugula gehitu gura nuke. Baldintza duinetan lan egin behar dute, ondo ordainduta. Oraindino gehiago esango dut: harro egon behar lukete sistema publikoan lan egiteaz.
V. E: Lotsagarria da. Azken bost Osasun sailburuak sektore publikotik pribatura igaro dira, kliniketara edo aholkularitza zerbitzuak eskaintzera. Hau da, osasun sistema paralelo bat sortzen dabiltza. Nik ez diot gaur egun hainbeste aipatzen den publiko-pribatu kolaborazioa ez denik egokia, beharbada Ontziola salbatzeko. Baina, osasungitzaren kasuan, pribatizazioagaz suntsitzen dabiltzala esango nuke. Oinarrizko zerbitzuek publikoak izan behar dute, eta kontrol publikoa izan behar dute. Begira zelan dagoen Madril. Edo hain urrun joan barik, begira zelako arazoak dituzten Durangoko erresidentzietan; kudeaketa pribatua dute eta Aldundiari iruzur egiten dabiltza. Eta Aldundiak ez du ahaleginik ere egiten hori kontrolatzeko. Baina herritarrak argiak gara eta ez gaituzte engainatuko