Zapatuan, hilak 7, 'Aitatxo' antzezlana taularatuko dute Berrizko Kultur Etxean. Benetako gertaeretan oinarritutako lana da; hain zuzen ere, Mallabian bizi den Anakotz Lasarte berriztarrak eta bere senideek bizitakoa. Lasartek seme biren heriotza bizi behar izan du, eta horri buruz berba egiteko hainbat ekimen ipini du martxan. Aitatxo dokumentala estreinatu zuen iaz, eta gertaera euretan oinarritzen den izen bereko antzezlana dago orain aretoetan. Atzezlanak aita baten ikuspuntutik seme-alabaren bat galtzearen dolua erakusten du; aitaren (Alex Tello) eta semearen (Unax Uralde) arteko elkarrizketen bitartez, doluari, maitasunari eta aurrera egiteko indarrari buruzko istorioa eraikiko dute. Lanak aitaren esperientziak nabarmentzen ditu, batez ere. "Berandu egin nuen dolua eta horrek ondorioak utzi zizkidan; ez nituen nire mina eta sufrimendua behar zenean azaleratu. Neurri handi batean, gizarteak bultzatu ninduen horretara", azaldu du Lasartek.
Berrizkoaren aurretik, Ermuko Antzokian ere taularatu zuten antzezlana, eta martxoan Hernaniko Biteri kultur etxean eszenaratuko dute. Lasarteren berbetan, Eñaut Aiartzaguena marrazkilariaren laguntzagaz liburua kaleratzeko asmoa du, oraindino datarik jakinarazi ez badute ere.